Gazako erasoan milatik gora hildako eta bost mila zauritu baino gehiago eragin zituen Israelgo Armadak. Ofizialki, "Hamasen ahalmen militarra deuseztatzea" zuen helburu Berun Urtua operazioak, gune zibilen, ospitaleen, zerbitzu medikoen eta oinarrizko azpiegituren bonbardaketa etengabekoan oinarritu bazen ere. "To shoot an elephant" film dokumentalak (113') egun horietan gertatutako zati txiki bat kontatzen du. Baina, Arceren eta Rujailahen lana ez zen kasualitatea izan, Gazan ilegalki sartu eta lekukotasuna emateko erabaki kontzientea baizik. Filma Eguzki Bideoek banatzen dute eta arabieraz eta ingelesez bada ere, hainbat hizkuntzatan ikus daiteke, azpitituluz, tartean euskaraz.
Pasa den urtarrilaren 18an, filmaren lantaldeak Gazaren aldeko emanaldi-ekintza bateratua deitu zuen mundu mailan. Guztira, 220 emanaldi baino gehiago izango ziren egun horretan, haietatik %25 bat Euskal Herrian. Eskualdean, baina, Leioako Udondo gaztetxean baino ez zen zabaldu. Hori dela eta, UKBERRI.NETek hainbat elkarterekin jarri zen harremanetan kazetaritza lan independente eta aparta hori ahalik eta leku gehienetan zabaltzeko. Blogari euskaldunek bideoa euskaratzeko egindako auzolana ere saritu nahi izan zuten horrela. Besteak beste, Ariku kultur elkartea, Plaza Beltza kultur elkartea, Itzubaltzeta gaztetxea, Algortako Gazte Asanblada eta Germatxin gazte kultur elkarteak hartuko dute parte ekimenean.
Datozen emanaldiak:
• Martxoak 18, osteguna, Getxoko Txorimalo gaztetxean, 19:00etan.
To shoot an Elephant, euskarazko azpitituluekin
cc-by-sa Alberto Arce eta Mohammad Rujailah