Igande honetan, martxoak 14, Bilboko Lasterketa Mistoaren laugarren edizioa egingo dute Bizkaiko hiriburuko Uribitarte ibilbidean. Irteera Bilboko udaletxe alboan izango da, goizeko 10:30ean eta izenematea doakoa da, EHUko iturriek adierazi dutenez. Hain zuzen ere, inskripzioak bihar arte egin ahal izango dira Leioa eta Erandioko campuseko kiroldegian, baita EHUko Kirol Zerbitzuko Bilboko egoitzan (Larrako-etxea, Agirre Lehendakaria 81, Sarriko) ere. Lasterketa 5.000 metroko distantzian egingo da eta gizonek eta emakumeek osatutako bikote mistoak elkarrekin lasterka joan eta helmugan sartu beharko dute. Jardunaldi berean, baina 11:15ean, errelebu-lasterketaren (4 x 400 metrotan) hirugarren edizioa egingo dute, ondoko modalitateetan: eskola-umeak (13 urte bitartean) eta irekia (adin mugarik gabe). Lasterketa horietan, errelebua ezingo dute sexu bereko pertsonek osatu. Argazkia: © EHU.