Zazpi urte dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) Getxo udalerrian azken aldiz aritu zenetik. Ostiral honetan, martxoak 12, taldeak berriro eskainiko du kontzertu bat lur getxoztarretan, oraingoan Algortako Erredentoro elizan, "Orkestra herrietan" ekimenaren barruan. Iluntzeko zortzietatik aurrera, musikazaleek Isabel Urrutia musikagile getxoztarraren, Ralph Vaughan Williamsen eta Jean Sibeliusen lanez osatutako programa entzun ahal izango dute, Christian Lindberg zuzendari gonbidatuarekin. Kontzerturako sarrera doakoa izango da. Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, saioak "Gerok" pieza izango du abiapuntu. Lan horrekin garaile atera zen Urrutia Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen IV. Konposizio Lehiaketan, 2007an. Pieza Oviedon estreinatu zen, 2008ko azaroaren 28an, Asturiaseko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, eta iaz A Coruñan, Bilbon eta Tenerifeko Santa Cruzen entzun ahal izan zen. Argazkia: © Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!