GaztEHerria erakundeko manifestua:
GaztEHerria gara
Eremu, arlo, herri zein auzo ezberdinetako gazteok osatzen dugun Euskal Herriko gazteria gara, Independentzian amestu eta berau elkarlanean eraiki nahi dugun gazteria. Parte hartzea oinarri izango duen gazte mugimendu zabala abian jarriz, soilik gazteon iniziatiban oinarrituriko bidea abiatzera goaz. Etorkizuneko Euskal Herria gara, eta etorkizunak izen bakarra dauka: independentzia.
Independentzia, herri honentzat aukera bakar bezala ulertzen dugu
Urte askotan zehar, gure herria askatasunean bizitzeko aukera ukatua izan zaigu, eta horregatik, burujabe izateko aukera bakar bezala ikusten dugu independentzia. Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen luze-zabalean, beste eredu bat eraikitzeko tresna bakar moduan ulertzen dugulako, elkarlanean independentziaren bidea marrazteko konpromisoa hartzen dugu.
Gazteon eskubide indibidual eta kolektiboak oinarri, gazteon eskubide zibil eta politikoen errespetua exijitzen dugu
Independentziaren aldeko lana guztiz zilegi zaigu. Euskal Herriko gazteria osatzen dugunon lana askatasun osoz eramatearekin bat hezurmamituko da herri honen geroa. Eta beraz, banako zein talde bezala dagozkigun eskubideen aitortza zintzoa aldarrikatzen dugu.
Independentziaren aldeko gazte olatua sortzera goaz
Askatasun egarriz gauden belaunaldia gara, eta Independentziaren eskutik etorriko den askatasunean sinesten dugu. Horregatik, bakoitzak bere eremutik, baina elkarlanean, tantaz tanta osatzen joango den gazte olatua sortzera goaz. Independentzian sinesten dugulako, gazteriaren beharrei erantzutera eta gazteriaren mesedetara egongo den mugimendua sortzera goaz, gazteok bide propioa eraikiz, eta berau iniziatibez josiz.
Independentziaren alde, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu
Adierazpen hau oinarri, Euskal Herrian sortuko dugun Independentziaren aldeko olatu horren lehenengo tanta bezala ulertzen dugu, eta horren aldeko konpromisoa erakusten dugu.
GaztEHerriaren lehenengo urratsa
GaztEHerria osatzen dugun gazteok, Adierazpen hau oinarri harturik, Apirilaren 4an ospatuko den Aberri Egun bateratura deialdia egiten dugu. Honekin batera, eta gazte ekarpena eginez, Apirilaren 2an Durangon Independentziaren alde jaialdi erraldoia antolatzera konprometitzen gara.
Dei egiten diogu euskal gazte orori ekimenarekin bat egin eta independentziaren bidean ekarpena egin dezan, independentzia guztion artean eraikiko badugu, gazte ororen lana ezinbestekoa baitzaigu.
Herri hau askatasunera eramango duen belaunaldia gara, independentziari ateak irekiko dizkion gazte uholdea sortuko duen belaunaldia izango gara. Gu gara geroa… GaztEHerria
Oharrak:
Gazteok, lanari ekiteko garaia dugu beraz. Harriak ditugula esan dugu, harriak dira behinolako herri hartatik geratzen zaiguna. Gazteok eskura dauzkagu harriak eta hauek guk nahi erara moldatuko ditugu. Izan ere, guk eraiki nahi dugun Euskal Herria, pertsona askez osatutako herria da, euskaraz biziko den herria da, herri feminista da, hezkuntza sistema propioa izango duen herria da, kapitalismoaren aurrean alternatibak eraikiko dituen herria da…
Herri honen eraikuntzan gazte guztion harria da ezinbestekoa. Gazte guztion lana da beharrezkoa. Dei egiten diogu beraz euskal gazte orori ekimenarekin bat egin eta apirilaren 2an Durangon eta Aberri Egunean gure aukera independentzia dela ozen aldarrikatzera.
Gurea da etorkizuna. Independentzia dugu irabazteko. Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia!
GaztEHerriari buruzko informazio guztia bilduko duen web orria jarri dugu martxan. www.gazteherria.net atarian guztion eskura izango da Gazteriaren Adierazpena. Horretaz gainera albisteak, bitartekoak eta besteko kontuak ere egongo dira bertan.
Datozen egunetan Durangoko ekimenari buruzko xehetasun gehiago azalduko ditugu.