Algortan irakurritako adierazpena:
Inposaketarik ez! Borrokatu marra gorriak!
Ikasle abertzaleok urteak daramatzagu Euskal Herriko heziguneetan ikasleon eskubideak defendatuz, gure proiektu politikoa den Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzen. Edukiz eta hizkuntzaz euskalduna izango den eskola, hots, euskaraz ikasiz, gure herriko historia nahiz kultura ikasteko eskubidea bermatuko digun eskola nahi dugu. Garai hauetan utopia dirudien arren, ikasle guztiak euskaldunduko dituen eskola aldarrikatzen dugu. Baina ez hori bakarrik, hezkuntzak jendarte eraldaketan izan dezakeen paper garratzitsuaz kontziente izanik, ikasleak balore askatzaileetan heziko dituen eskola ere aldarrikatzen dugu. Autoritarismo eta infantilizazioaren gainetik, kritikotasunean eta elkartasunean heziko dituen eskola hain zuzen ere.
Ikasturte honen hasieran, bizi dugun egoeraz jabe izateko diagnostikoak burutu genituen ikastetxez ikastetxe. Diagnostiko horien emaitzak pasa den azaroan kaleratu genituen eta geroztik, bertan identifikatutako marra gorriak borrokatzen dihardugu. Ikasleon eskubideak urratzen dituzten marra gorriak borrokatuz bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatzen. Mapa arrotzen inposaketa, euskal historiaren ukazioa, kartelak jartzeko ezintasuna, kontrol soziala, greba egiteko ezintasuna, Bologna prozesuaren inposaketa... borrokatzen dihardugu momentu honetan. Hala ere, egunerokotasunean bizi ditugun urraketez gain, azkenaldian administrazio ezberdinetako hezkuntza sailetatik egoera larri hau are eta gehiago okertuko duten neurriak hartzen ari dira. Isabel Celaa eta Alberto Catalan, euskal ikasleok ditugun eskubideak guztiz urratuko dituen ofentsiba espainolista eta autoritarista martxan jartzen ari dira. Hona hemen azken hilabete eta asteetan eman diren erasoen zerrenda.
- Euskal Herria terminoaren aurkako erasoa.
Ustezko adoktrinamendu nazionalista ekiditeko, EAEn curriculum dekretutik kenduko da nahiz eta gai horrek gaur egun hezkuntza komunitatean zalapartarik sortzen ez duen. Nafarroan gainera, diru-laguntzak kenduko zaizkie EH terminoa erabiltzen duten argitaletxe eta hezigunei.
- Euskararen eta beraz, euskal ikasleon euskalduntzearen aurkako erasoa.
Nafarroan (Hello eta TIL ereduekin) eta EAEn euskalduntzen ez duten ereduetan sakontzen ari dira. Hizkuntzen berdintasun faltsuaren aitzakipean egoera minorizatuan aurkitzen den euskara bultzatu ordez, ikasleok erdalduntzen duten ereduak erabiltzen dituzte. Orain gainera, ingelesaren sartzearekin, euskara hirugarren mailako hizkuntza gisa bilakatzen da.
- Ikasleon aurkako erasoa: infantilizazioa eta autoritarismoa
Nafarroako zein EAEko hezkuntza sailek inposaturiko "ikasleen eskubide eta betebeharren dekretu" atzerakoi eta zigortzaile berria dugu. Gainera, etengabeak dira kartelak jartzeagatik, ikasle gela erabiltzeagatik edota greba eskubidea praktikara eramateagatik ikasleok jasaten ditugun mehatxu eta zigorrak. Egoera hori gutxi balitz, euskal ikasleon hezkuntza eskubideak ukatzen dituen konstituzio espainolaren baloreetan hezi nahi gaituzte.
Egoera honen aurrean, ikasle eta abertzaleok ezin ditugu besoak gurutzatu eta geldirik egon. Pasako ez diren marra gorriak markatu eta horiek borrokatzeko unea da. Azken urteetan bizi izan dugun eraso espainol eta autoritario handienaren aurrean ikasleok erantzun beharra dugu, datozkigun eskubideen defentsan. Hau guztiagatik, martxoaren 12an... ikasleok kalera!