Azken urtean lau euskal militante politikoek salatu dutenez, atxilotuak, kolpatuak eta ilegalki galdekatuak izan dira. Guztiak preso ohiak edo egun espainiar edo frantziar Estatuetako espetxeetan dauden euskal preso politikoen senitarteko eta lagunak dira. Euren kasuak ere, oraindik argitzeke daude.
Irakurketa hankamotz geratuko litzateke Jon Anza 21 urtez Espainiako espetxetan sakabanatua egon zela gogora ekartzen ez badugu. Carabanchelen, Alcalá-Mecon, Puerto I-n, Herrera de la Manchan, Darocan, Boixen, Ceutan edo Tenerifen izan zuten gatibu politiko gisara. Behin kalean, poliziaren jazarpen itogarriak Ipar Euskal Herrian errefuxiatzera eraman zuen. Euskal preso politiko ohiek pairatzen duten presio eta jazarpen itogarriaren beste eredu bat izan zen. Baina, era berean, espetxealdiak euskal preso politikoen kontzientzia eta sinismen politiko eta pertsonalekin amaitzen ez duenaren seinale. Indarrean dagoen espetxe politikaren antzutasunaren seinale.
Euskal preso politiko ohien kontrako jazarpena etengabekoa da. Lintxamendu mediatikoen saiakerak, presio politiko eta poliziala edo bahiketa eta legez kanpoko galdeketen saiakerak. Errealitate gordin honek Ramon Gil Ostolazaren heriotza ekarri zuen. Orain, Gerra Zikinaren zantzu guztiekin, Jon Anzaren heriotza ekarri du. Tamalez, estrategia errepresio guzti hauen arduradunek helbide berdina mantentzen dute.
Azkenik, kasu honen puntu beltz guztiak argitu daitezela eskatzearekin batera, euskal preso politikoen senide eta lagun guztiei Jon Anzaren familia babestera animatzen ditugu. Gutako batzuk izan dira eta ezin ditugu bakarrik utzi. Gure babes osoa behar dute aurrera egiteko.
Agur eta ohore, Jon, beti gogoan.