Joan den urteko abenduaren 18an, lagun talde bat Urdulizko Uxerre baserrian lapurreta egin zuen. Horretarako, etxe barruan zeuden 83 urteko emakume bat, Felisa Ansoleaga, baserriaren jabea, eta bere neba, 70 urtekoa, lotu eta ahoa estali ostean, kolpatu egin zituzten. Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, lapurreta bukatutzat eman zutenean, lau gizonek ihes egin zuten eta aipatutako egoeran utzi zituzten bi adinduak, laguntza eskatzeko aukerarik gabe. Horrela egon omen ziren bi egun beranduago jabearen semeak aurkitu zituen arte. Bi egun horietan bizi izandako egoera dela eta, emakumea hilik zegoen aurkitu zutenean eta bere neba, aldiz, ospitalera eraman behar izan zuten, hainbat ubelduraz gain, hipotermia eta deshidratazio sintoma larriak zituela eta. Ertzaintzak gertatutakoaren berri izan zuenean, Krimenen ikerketako Unitateko agenteak berehala ekin zioten kasuaren azterketari eta azkenean, ustezko egileak identifikatzea lortu zuten.
Bost susmagarri
Guztira bost susmagarri identifikatu zituzten; dirudienez, baserrietan eta herriguneetatik kanpo dauden etxeetan osten zuen banda bateko kideak dira. Euskal Autonomi Erkidegoan zehar egindako hamar bat lapurreten (5 Bizkaian, 3 Gipuzkoan eta 2 Araban) egikaritzarekin, Urdulizekoa barne, lotu dituzte aipatu susmagarriak. Horrez gain, oraindik ere zabalik dago ikerketa, beste bost lapurretetan parte hartu zutelako susmoa baitaukate.
Joan den asteartean Ertzaintzako Krimenen Ikerketako Unitateko agenteek bost pertsona atxilotu zituzten, bakoitza bere etxean: Otxandion bi atzeman zituzten, bat Gasteizen eta beste biak Barakaldon. Agenteen aurrean deklaratu ostean, susmagarrietako bat aske utzi zuten, beste lau kideen adiskidea bazen ere, ez omen zuelako hauek egindako delituekin inolako zerikusirik izan.