Jon Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek garbi dute haren heriotza "gerra zikinaren ekintza" izan dela, eta Espainiako polizia indarrak dira, haien ustez, hilketa eragin dutenak. "Jon bahitu, tortura eta hil egin zuten", esan du Jon Enparantza abokatuak haien denen izenean,
Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Besteak beste, Non da Jon? plataformak duela pare bat aste apirilaren 17rako deitutako manifestazioari eustea erabaki du, "kasua argitu arte" mobilizazioak egiten jarraituko dutela esan baitu. Donibane Lohizunen (Lapurdi) egingo dute protesta; 17:00etan hasiko da, Luis XIV.a plazatik. Ekimena iragarri zutenean galdera "Non da Jon?" baldin bazen, oraingorako bestelako itaunak dituztela adierazi dute: "Non atxiki zuten Jon?, Nork bahitu zuen?...". Anza desagertu zenean Michelle Alliot Marie Donibane Lohizuneko herritarra zen Frantziako Gobernuko Barne ministroa eta orain, gorpua azaldu denean, Justizia ministroa da. Datu horiek azpimarratu dituzte gaur Baionako agerraldian, eta "egia osoa" azaltzeko galdegin diote. Argazkian, Baionan egin dute agerraldia gaur goizean / cc-by
Askatu.org.