Iazko maiatzaren 18an, Anne Kayanikis Baionako epaitegiko fiskalak senideen salaketa jaso eta
Jon Anzaren desagerpenaren inguruko ikerketa abiatu zuen egunean, hainbat guardia zibil Okzitaniako Tolosa hiriko Adagio hoteletik "presaka" atera eta bi pistola "ahaztuta" utzi zituzten koltxoi batean.
Horrela argitaratu du gaur "El Mundo" egunkariak. Egunkari horren arabera, Baionako fiskaltzak eta Anzaren kasua eramaten duen Polizia Judizialaren arduradunak pasa den otsailaren 17an ezagutu zuten gertaera hori, "era estraofizialean". Bitartean, ordu batez aurreratu ostean, goizeko 7:30ean autopsia egitekoak ziren Jon Anzari eta senideen konfiantzazko medikuari bertan izatea ukatu diote, Baionako prokuradoreak baimena eman ez duelako. 10:15erako autopsia bukatu dute eta autopsia egiteko eraikinaren aurrean elkarretaratu diren 80 bat euskal herritarrei oldartu zaie Polizia, negar gasaz, besteak beste. Atzo, berriz,
8.000 bat pertsona kaleratu ziren Donostian senideak babestu eta "gerra zikina" salatzeko. Ostegunean ere herrietan mobilizazioak deitu ditu Amnistiaren aldeko Mugimenduak. Argazkian, LABek Anzagatik Erandion egindako elkarretaratze bat.