"Euskomik" gunea EAEko egungo komikiaren arloko erakusleiho bilakatuko da eta bertan sustapen-material anitza eskuratu ahali zango dute bisitariek. Halaber, hainbat jarduera egingo dira eta erakusketa bat kokatuko da bertan, euskal egileen lana sustatzeko asmotan. Guztira, 22 profesionalen lana ikusgai izango da.
Erakustaldia Euskadiko Ilustratzaile Elkarte Profesionalak antolatuta dago eta horretan bildutako lanak katalogo batean argitaratuko dira, "Irudika" izenpean.
Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariaren arabera, “aukera garrantzitsua da euskal marrazkilarientzat, Bartzelonako azoka nazioarteko erreferentea baita mundu osoan”.
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeraz geroztik, komikigintzak garai bizi eta emankorra eduki du Euskadin, eta horren ondorio izan dira han-hemen egindako hainbat erakusketa, jardunaldi eta jaialdi. Gero eta ugariagoak dira alor horretako kultura-azpiegiturek bultzaturiko jarduerak, zeintzuk, argitaletxeen beste zenbait ekimenekin batera, euskal komikigintzaren osasun onaren isla baitira. Faktore horiek guztiek batera egin dute posible egile-multzo bizkor eta sendo bat sortzea –aldez beteranoak eta aldez hasiberriak–, gehienak ezezagunak Euskal Herritik kanpo.
Euskomik standa
EAEk Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketan izango duen parte hartzea 150 metro karratuko stand batean gauzatuko da. Hiru zatitan banatuko da, gune ezberdinak bereizte aldera:
• Argibide-liburutegiaren gunea: Sustapen-materialak erakutsiko ditu, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen-materialak (esku-orriak, aldizkariak, katalogoak, argitalpenak…).
• Areto nagusiaren gunea: Hemen hainbat jarduera egingo dira, gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik, hala nola, aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bestelakoak.
• Erakusketaren gunea: oso-osorik EAEko egileen lanak sustatzera dedikatua. Hogeita bi profesionalen lan-bilduma erakutsiko du: nazioartekoenak eta euskal argitalpenetan argitaratuz gorabidean datozen belaunaldi berrikoenak. Hautaketa-irizpideak probintzien arteko oreka ere aintzat hartu du. Egile bakoitzak azken urteotan egindako hiru komiki-plantxa aukeratu ditu, bere lanaren eredu esanguratsu moduan.