Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Getxoko udalerrian, Georgiako mafiaren aurka zabaldutako Java izeneko sarekadaren barruan, Herrizaingo Sailak Euskadi Irratiari baieztatu dionez.
"El Mundo" egunkariaren arabera, gutxienez gizonezko bat Algortan harrapatu dute. Efe albiste agentziak zabaldu duenez, Europa mailan abiatutako operazioan 69 da atxilotuen kopurua, haietako 24 Estatu espainiarrean. Getxon egindako operatiboa Espainiako Polizia Nazionalaren Droga eta Krimen Antolatuaren Aurkako Unitateak (UDYCO) zuzendu du, Ertzaintzarekin koordinatuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean. Operazioa zabalik jarraitzen du eta, beraz, baliteke miaketa eta atxiloketa gehiago izatea datozen orduotan. Atxilotuei legez kanpoko elkarte bateko kide izatea, droga eta arma trafikoa, mehatxu eta estortsio egitea, sobornatze eta dirua garbitzea leporatzen dizkiete. Dena dela, baliteke hiltzeko helburuz konspiratzea ere egoztea azkenean. Datozen egunotan Fernando Grande-Marlaska epailearengana eramango dituzte. Argazkian, Algortako Artibai kalean etxe bat arakatzen dabil Espainiako Polizia.
Irudi gehiago ikusteko, sakatu hemen.