Kirol gastuak nork finantzatzea lortu du Garazi Sanchez surflari algortarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 15a, 13:54

Garazi Sanchez Ortun 18 urteko surflari algortarraren babeslea Euskaltel telefonia konpainia izango da hemendik aurrera. Pasa den ostegunean, publizitate hitzarmena sinatu zuten bi aldeek eta horren bidez, komunikazio-operadoreak surflari gazte horren kirol-jarduera finantzatzeko konpromisoa hartu du. Euskaltelek urteko ekarpen ekonomiko bat egin eta bere gain hartuko ditu kirolariaren telefonia mugikorreko gastuak ere. Bestalde, Garazi Sanchezek Euskaltelen logotipoa janzteko hitza eman du. Era berean, operadorearen irudia daramaten kirolarien taldeko kide bilakatuko da. 2009an, Sanchezek 4. postua lortu zuen 21 urtetik beherakoen Junior zirkuitu profesionalean, eta, kategoria absolutuan, berriz, Urrea irabazi zuen Euskadin. Argazkian, Garazi Getxoko Udalak udalerriko kirolaririk onenei 2009ko urtarrilaren 13an emandako sarietan / cc-by-sa Palazio.

Aurtengo denboraldian, Munduko WQS (World Qualifying Series) zirkuituan parte hartuko du Sanchezek, eta Junior zirkuitu profesionalean parte hartzen jarraituko du, Europako Top2an egoteko eta Australiako final handira iritsi ahal izateko.

Surfetik bizitzea du amets Garazik, eta 10 urte daramatza kirol horretan. Munduko onenen aurka lehiatzen da, surfaren lehen maila den WCTn parte hartzera iristeko.

Euskaltel orain dela lau urte sartu zen surfaren munduan. Lehiaketako surfa laguntzeaz gain, lankidetzako esparru-hitzarmen bat sinatua du Euskaltelek Euskal Herriko Surf Federazioarekin (EHSF); horren bidez, bi erakundeek elkarrekin egiten dute lan kirola sustatzen, oinarri-oinarritik hasita. Hitzarmen horri esker, Euskaltel da EHSFren babesle nagusia.

Garazi Sanchez-ek Balin eta Australian lehiatutako surf probetan azaltzen den 2008ko bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun