Irakurritako testuan Hamaikabatek "Agirre lehendakariaren lana, abertzaletasunaren ekintza instituzional eta sozialaren erreferente nagusia izan dela eta izaten jarraitzen duela" aitortu zuen, abertzaletasunari jarraipena eman ziolako eta aldi berean abertzaletasunaren lehenengo modernizazio ideologikoa gauzatu zuen belaunaldiaren buru izan zelako. Horregatik, omenaldi horrekin eta datozen hilabeteetan zehar garatuko dituen ekintzekin, Hamaikabatek "pragmatikoa eta argi erakuslea izan zen aparteko gizon horri zor diogun eskerrona kitatu nahi dugu", Galdosek aipatu bezala.
Era berean, "Agirre lehendakariak pertsonifikatzen duen euskal abertzaletasunaren tradiziorik oparoenarekin bat egiten dugula erakutsi nahi dugu" adierazi zuten EAko eszisiotik abiatutako alderdikoek. Ildo beretik, Galdosek "tokiko eta mundu mailako erronkei erantzun egokia eman ahal izateko abertzaletasunaren tradizio hori eguneratzeko beharra" azpimarratu zuen.
"Agirrek bizitza guztian zehar mantendu zituen sinesmenen artean nagusienetakoa herrien askatasunaren defentsa izan zen", H1!-en arabera. Horrela, Agirrek ez zuen giza duintasuna nazio leialtasunen menpean inoiz ikusi eta gizartea pertsonen zerbitzura antolatu behar dela ez zuela inoiz ahaztu esan zuten. Ildo horretan, "nazio baten garapena beraren parte sentitzen diren herritarren esku" dagoela dio Hamaikabaten manifestuak.
"inspirazio iturri nagusia"
Galdosek adierazi zuenez, Agirrek nahiago zuen demokrazia inperfektua indarkerian oinarritutako erregimena baino, izan ere "Askatasuna eta gizabanakoaren duintasuna jokoan daudenean ez dago neutraltasuna mantentzerik". Baina indarkeriari aurre egiteko, hau da, gutxiengo totalitario eta bortitzen aurkako baliabide eraginkorrenak, kontzientzia zibiko-demokratikoa, eguneroko askatasunaren erabilera, partizipazio politikoa eta pertsonan oinarritutako garapen sozio-ekonomikoa direla azpimarratu du Hamaikabatek.
Hamaikabaten testuak Agirre eta bere belaunaldiaren ikuspegi soziala ere azpimarratu du, haiek autonomia politikoa euskal herritarrentzat bidezkoa eta berezkoa zen sistema soziala ezartzeko ematen zuen aukerak ilusionatzen baitzituen. "Hamaikabatek abertzale haien ikuspegi soziala ordezkatu nahi du, dudarik gabe", agertu zuen Galdosek.
Horrengatik guztiorrengatik, manifestuaren amaierak dioenez, "Agirre da Hamikabaten inspirazio iturri nagusia: gure herriaren jarraipena euskaldunen batasunak bermatuko du. Aurrerapen demokratikoan sinesten dugu gutxiengo totalitarioen aurrean. Nazio libreak pertsona libreek osatzen dituztela sinesten dugu. Askatasunean oinarritutako herrien arteko elkarbizitzan sinesten dugu. Gizakiaren garapen iraunkorrean oinarrituta, demokrazia ekonomikora hurbilduko gaituen sistema sozial bidezkoago baten aukeran sinesten dugu. Mesianismorik gabe, jarrera errealista batetik, eguneroko eskakizunekiko konpromisoari eutsiz eta azken batean Euskadik eta euskaldun guztiok behar dugun etorkizuneko proiektua arriskuan jarriko duten jarrera oportunista eta dogmatikoak baztertuz".
Ekitaldiaren bideoak: