“Israelgo Estatuaren aurkako boikota. Stop apartheid. Ez Hegoafrikan, ez Palestinan” izenburupean, astearte honetarako, martxoak 16, bi hitzaldi antolatu dituzte Mewando sareak (Bakea eta Duintasuna elkartea, Biladi palestinar kultur zentroa, MunduBat, Bakea eta Elkartasuna eta Euskal Herriko GGKEen Koordinakundeak), Palestinarekin Elkartasunak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, EHUko Garapenerako Lankidetzako Bulegoak eta LAB, CC.OO., ELA, EILAS eta ESK sindikatuek. Jardunaldiaren helburua "Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak" kanpaina aurkeztea izango da, "Palestinako lurralde okupatuetan ematen diren giza eskubideen bortxaketak salatzeko erresistentzia zibil baketsu gisa", adierazi dute antolatzaileek. Esparru sindikalean aurrera eraman daitezkeen ekintzak aztertuko dira batik bat. Lehenengo hitzaldia, bihar, eguerdiko 12etan egingo dute, EHUko liburutegi nagusian, Leioa eta Erandioko campusean. Bigarrena, 19:00etan izango da, Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan (Hurtado de Amezaga, 6), Bilbon. Argazkian, Gazako lotsaren harresia.