Algortan ospatuko diren San Inazio jaien irudia izango dena aukeratzeko, beranduenez, maiatzaren 17an entregatu beharko dira kartelak, Algortako Eztabaida Gunean (Amesti kaleko 3). Data hori igarota, jai batzordeko kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den irabazlea eta horrela jakinaraziko dio horri. 300 euro jasoko ditu jaietako kartel gisa aukeratua izango denaren egileak. Saritu gabeko kartelak, berriz, egileei itzuliko zaizkie. Hala ere, guztiak jarriko dituzte ikusgai jai batzordearen bitakoran (algortakosaninazioak.mundua.com).
Kartelen ezaugarriei dagokienez, 70x50 zentimetroko (ez-etzana) neurria eduki beharko dute aurkeztutako lanek, euskarri gogorrean edo paper gainean. Gaia librea bada ere, "Algortako San Inazioak 2010", "Uztailak 29-Abuztuak 1" eta "Jaietan ere euskaraz!" dira jarri beharreko leloak. Kartelaren atzealdean ezizen bat jarriko da, kartelarekin batera emango den gutun-azalaren kanpoaldean ere jarrita egongo dena. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, besteak beste. Baliabide informatikoak erabili izatekotan (eta edozein kasutan ere) CD bat aurkeztu beharko da kartelarekin batera, horren irudi digitalizatuarekin.