Larunbatean, martxoak 13,
"Euskaraz atseginez" egitasmoa aurkeztu zuten Sopelako udaletxeko sarreran, aipatu udalerriko saltoki eta ostalaritza establezimenduetan gure hizkuntza suspertzeko asmoz. Sopelan euskaldun asko dago, baina sustatzaileen arabera, kaleko errealitatean ez da igartzen. Hori dela eta, Sopelako
Aitxu! euskara taldeak urrats garrantzitsu bat eman zuen eta fruituak ekarri ditu. Lehenengo urrats bezala, dendariei eta tabernariei zuzendutako programa bat pentsatu eta prestatu zuten. Proposamen horrekin, Sopelako eragile ezberdinen atea jo zuten. Horiek guztiak egin eta gero, euskara eguneroko bizitzan suspertzeko lehen ekimen bateratua abian dago. Alderdi politiko gehienek (EAJ, ezker abertzalea, Alternatiba, PSE-EE, EA), hezkuntza eragile guztiek, dendarien elkarteak, beste dendariek eta tabernariek eta ezagunak diren kirolariek eta auzokideek, euskara suspertzeko ekimenarekin bat egin dute, azaldu dutenez. Banan-banan, tabernari eta dendariak elkarrizketatu ostean, besteak beste, establezimendutan euskaraz egiteko gonbidapena egingo duen kartela edota oharra jarri, euskaraz ondo moldatzen diren langileei paparrean jartzeko txarteltxoa banatu eta, azkenik, euskarazko doako ikastaroak emango dizkiete merkatariei. Argazkian, larunbateko aurkezpena / © Sopelana.net.