Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena dute, Plentziako Itsas Estazioa martxan jartzeko, antzinako itsas sendategian. Itsasoko ekosistemaren osasunarekin, giza osasunean ingurumenaren aldaketak dituzten ondorioekin eta itsasoko baliabide biologikoekin zerikusia duten gaietan ikerketa eta prestakuntza sustatuko ditu zentroak. Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurumen Sailaren bitartez, Plentziako Itsas-Estazioa sustatu eta bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, 6.958.894 euroko ekarpena eginez. 2008an milioi bat euro eman zituen, eta 2009an 3.482.851 euro. "Lanak egiteko egutegian aldaketa bat izan denez, 2010ean proiektuari adjudikatutako aurrekontu-partida egokituko da", adierazi dute foru iturriek. Aurten, beste milioi bat euro emango du Aldundiak; eta 2011ko ekitaldian azken ordainketa egingo dute: 1.476.043 euro. Argazkian, orduko EHUko errektore Perez Iglesias hitzarmena sinatzen, Isabel Zarauza alkatearen begiradapean,
2008ko urriaren 3an.