Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin ditu Jon Anzaren inguruan bihar egitekoak diren elkarretaratze guztiak. Neurria "terrorismoa goratze delituak edo ordena publikoaren aztoratzeak aurreikusiz" eta horiek gertatzeko "probabilitate handia" delakoan hartu duela dio Jaurlaritzak zabaldutako oharrean. Erabakia kontzentrazioen deitzaileei jakinarazi zaiela dio Aresen Sailak. Era berean, deialdiaren objektuak berak "delitu ezaugarriak" dituela jo du Herrizaingo Sailak, Jon Anza ETAko militantearen heriotza salatzean "Espainiako segurtasun indarren esku egindako 'erailketa' bezala" aurkezten denean. Gainera, pasa den igandean Donostian izandako manifestazioa "aurrekari" gisa hartu dute. Bertan, "hildako terroristaren aitorpen edota goratze ekitaldiak" eta "segurtasun indarren eta horien arduradunen aurkako bidegabeko erasoak" izan zirela diote. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, mobilizazioei eutsi eta
bihar eta datozen egunetan gerra zikina kalean salatzeko deia egin du. Argazkian, biharko protestak deitzen dituen AAMren kartela / publicdomain
Etengabe.