Lantzarteko zelaiarekin zer egin "berangoztarrek erabaki dezatela" aurkeztutako herri ekimena atzera bota egin zuen atzo, asteartea, Berangoko Udalbatzak. Gehiengoa duen EAJk, PSE-EEk eta EAk bozkatu zuten 990 herritarrek (biztanleen %15 baino gehiago) babestutako galdeketa egitearen aurka. PPk eta Ezker Batuak, berriz, aldeko botoa eman zuten. Gainera, ez ohiko osoko bilkura izanik, euren iritzia plazaratzeko aukerarik ez zuten izan auzotarrek, galde-eske txandarik egon ez zelako. Anabel Landa alkate jelkideak emandako argudioen artean, "nahita edo nahi gabe, landa osoan eraikiko zela aipatzen" zuen, bere hitzetan, bizilagunek sinatutako idatziak. Horren aurrean, idatziaren "interpretazio okerra" egitea egotzi diote udal agintariari Lantzarteko Auzokide Elkarteko kideek. Bizilagunek diotenez, ondokoa baino ez du aipatzen izkribuak: "Etxebizitzak eraikitzeko, Lantzarteko zelaia saltzeko asmoa dauka Berangoko Udalak". "Osoa" hitza ez da inondik inora agertzen, auzokideen arabera. Argazkian, Lantzarte ingurua Berangon.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!