Mozioan aldarrikatuko dute 2009ko jaietan "terrorismoa sostengatzeko kartelak eta ikurrak jarri zituzten txosnei" aurten baimena uka diezaien. Arruek esandakoari jarraiki, iaz Ertzaintzak hainbat kartel eta argazki kentzeko "esku hartu behar izan" zuen, "jaietako giroa gaiztotzen zutelako". Gaineratu dutenez, txosna batzuek "ETA talde terroristako kide diren presoen argazkiak" erakutsi ohi dute eta popularren ustez hori ez da jai batzuetan espero dena. Hortaz, eta Iñaki Azkuna Bilboko alkate jeltzaleak egin bezala, txosna batzuei Getxoko auzo guztietan debekua ezartzea eskatu dute. Izan ere, haien iritziz, presoen aldeko adierazpen horiek "terrorismoaren biktimen eta Getxoko auzokide gehienen sentsibilitatea mintzen" dute. Bestalde, txosnak banatzeko dekretuetan honako esaldia ezartzea galdegin dute: "txosna jartzeko eta ustiatzeko baimena ukatuko zaie egituran terrorismoa babesteko kartelak eta ikurrak jartzen dituztenei".
Dagoeneko debekatzen dena
Orain dela urte batzuetatik hona, txosnak banatzeko dekretua hainbat debeku ezartzen ditu 18. artikuluan: "Txosnetan ezin izango dira iragarri: Oinarrizko eskubideetako edozein urratzea dakarten egintzak, pertsona guztien eta zehazki getxotar guztien eskubideak eta askatasunari errespetatzeari buruzkoak direnean; Udalbatzak onetsi dituen udal planen aurka doazen egintzak: Berdintasun Plana, Gazte Plana, Dogramendetasun (sic) Plana eta Inmigrazio Plana, etab; Animaliei tratu txarrak ematea dakarten egintzak".