Guardia Zibilaren aurkako tortura salaketa aurkeztu du Marimertxe Alcocerrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 18a, 19:57

Getxoko 3. instrukzio epaitegia inhibitu ostean, Marimertxe Alcocerrek aurkeztutako tortura salaketa onartu egin du Madrilgo 1. instrukzio epaitegiak. Madrilera bidean zein komisarian, "Euskadi, Espainia edo Guantanamon", non ote zegoen ez zekiela, Guardia Zibilaren eskuetan emandako hiru egun amaigabeetan jasan behar izan zituenak laburbiltzen ditu salaketan algortarrak: "iraindua, kolpekatua, biluzik, mehatxatua, zapaldua lo egitea zein atseden hartzea eragotzita, nekatuta, indargabe...", gaurko prentsaurrekoan (mp3) aipatu duenez. Alcocerrek jakinarazi duenez, "ondo dokumentatutako kasu baten aurrean egion gaitezkeela" uste du Nazioarteko Amnistia erakundeak. Espainiako Auzitegi Nazionalak izendatutako medikuaren txostena ere alde omen dauka. Algortako andreak adierazitakoaren arabera, hiru eguneko inkomunikazioaren ostean, ondokoa esan zion epaileak, bere aurrean agertu eta berehala: "argi dago zuk ere tratu txarrak salatuko dituzula". Argazkian, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak eta torturak salatutako Martxelo Otamendik lagunduta eman du prentsaurrekoa Marimertxe Alcocerrek.

Egun 58 dituen Algortako emakumea 2008ko abenduaren 10ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Itzubaltzeta / Romon, Aitor Artetxe ustezko ETAko kidea ezkutatu izana leporatuta. Operazio horren barruan, Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak, Xabier Gutierrez "Guti" leioaztarra eta Maribel Prieto berangoztarra ere atxilotu zituzten. 2009ko otsaila eta martxoa artean askatu zituzten bostak, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Halere, heldu den apirilaren 12 eta 13an egin beharko diote aurre epaiketari. ETAko kidea dela ukatu baino lehen, auzitegi-medikuaren txostena bere defentsarako baliagarria izango delakoan dagoela aipatu du Alcocerrek.

Horretan, espainolez baina hitzez hitz jasotzen da honako hau: "Oso urduri dago. Ez dauka lentillarik, ezta betaurrekorik ere; ez dizkiote erabiltzen uzten. Kolpeengatik, ubel koloreko hematomak dauzka ezker zein eskuin masailean, azken hori apurtxo bat txikiago. Mozorroz dauzka estalita begiak. Madriletik Algortarako joan etorrian auto istripua izan du. Ez du ikusi mozorroa zeramalako, baina mugimendu zakarra nabaritu du eta esternito zein lepo aldean kolpeak dauzka. Hematomak ezker besoan eta eskuin izterrean kolpeengatik, ostikadengatik. Tratu txarrak. Bortxaketa zein heriotza mehatxuak. Ez du gehiago hitz egin nahi, ikaratuta dago". ETAko kidea dela ukatu baino lehen, guzti hori bere defentsarako baliagarria izango delakoan dago Alcocer.

Duintasuna

Hala ere, adierazi duenez, "duintasunagatik" aurkeztu du salaketa Algortako emakumeak: "nire, nire familiaren eta tortura zein tratu txarrak jasan dituzten pertsona guztien duintasunagatik, alegia". Are gehiago, pertsona guzti horiei salaketa aurkeztera adoretu ditu, "ardurak exijitzeko asmoz". "Ez da gorrotoa, bake eta justizia egarria baizik", gaineratu du Alcocerrek. Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiari eta Martxelo Otamendiri hitza eman aurretik, Jon Anzari gertatutakoa gaitzetsi era elkartasuna adierazi die iheslari donostiarraren senide eta lagunei. Aipatu duenez, "inongo kasuan ezin da justifikatu pertsona bati bizia kentzea edo torturatzea, defenditzen den kausa zilegi izanda ere". Torturarekin amaitzeko, inkomunikazio erregimenarekin amaitzea beharrezkoa ikusten du Alcocerrek; baita hori sostengatzen duten legeak indargabetzea ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun