Kontzentrazioak, La Casilla pabiloiaren sarreran:
Martxoak 18, osteguna, 20:00ean
Martxoak 19, ostirala, 18:30etan
Martxoak 20, larunbata, 18:30 eta 21:30etan
Martxoak 21, igandea, 17:00ean
Israeli boikot kulturalerako kanpaina
Bizkaiko Palestinaren Aldeko Plataformak egin duen irakurketaren arabera, 1948tik, Israelen "ideologia sionistan oinarritutako zapalkuntza kolonial bortitzaren pean" dago herri palestinarra. Ordutik hona, israeldar akademiko eta erakunde kulturalek okupazio Ejertzitoari lagundu diotela salatu dute, "zuzenean parte hartuz edota euren isiltasunaren bitartez herri palestinarraren gain aurrera eramandako eguneroko hilketak eta bestelako bidegabekeriak legezkotzat joz".
Israeli Boikot Akademiko eta Kulturalerako Kanpaina Palestinarra (PACBI) bertako akademikoek hasi eta bultzatutako mugimendu internazionala da, zeinak "edozein motako injustiziaren aurkako borrokarekin" konprometituak dauden komunitate internazionaleko akademiko, artista eta intelektualen gizarte kontzientziari eragin nahi dion, elkarte kultural israeldar desberdinen aurkako boikota babestu eta bertan parte har dezaten, "palestinarrek pairatzen duten errepresioari amaiera emateko xedez".
Kanpaina internazional hori hainbat eta hainbat talde, elkarte, mugimendu eta ezaugarri anitzeko pertsonek garatzen dute, Israelganako (eta bere herritarrenganako) "presio internazional modura", estatua sortu zenetik NBEren ebazpenak "sistematikoki hausten" baititu, palestinarren giza-eskubideak "behin eta berriz urratuz".
Gainera, Bizkaiko Palestinaren Aldeko Plataformak azpimarratu duenez, "geure gobernu eta erakunde internazionalen presio falta historikoaren aurrean", gizarte zibil antolatuak kanpaina internazional hori bultzatzen du, herri palestinarraren "eskubide oinarrizkoenak errespeta" ditzaten eta israeldar "okupazio-, kolonizazio- eta apartheid-sistema" horren bukaeran "lagun dezagun aukera bakar gisa".
Mayumana musika talde israeldarrari boikot aktiboa egitera deitu du Bizkaiko Palestinaren Aldeko Plataformak. Horretarako, gaur eta igande artean elkarretaratze bana egingo dute Bilboko La Casilla pabiloian taldeak egin asmo dituen bost emanaldietan, horietan Mayumanak ikuskizun berria aurkezteko asmoa du. Elkarte israeldar horrek "enbaxadore kultural gisa" diharduela salatu du Palestinaren Aurkako Plataformak. Haien ustez, Israeli "estatu normal, demokratiko eta kultur anitzaren itxura eman" nahi dion "kanpainarekin bat eginez", Mayumanak "herri palestinarrak jasaten dituen apartheida, kolonizazioa eta okupazio sistematikoa ezkutatu" egiten ditu, "bai lurralde okupatuetan bai Israelen bertan". Hori dela eta, "Mayumanaren emanaldien eta gure instituzioetatik mota honetako ospakizunei ematen zaien babesaren" aurkako kontzentrazioetarako deia luzatu dute, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Argazkian, Mayumanaren ikuskizuna iragartzen duen kartel bat Algortan.