Izan ere, goizeko 5:15ean, gutxienez 30 ertzainek, haietako 6 kalez jantzita, osatu dute operatiboa Madariaga etorbidean, txosnagunetik Deustura eta metrora igotzeko ezinbestean pasatu beharreko bidean. Lekukoen arabera, "ertzainek operazioa luzatzen ibili dira, labankadaren ustezko susmagarriak jada atxilotuta izan dituztela eta atxilo hartu duten emakume baten senide eta lagunei behin eta berriro mehatxu egin dietela. Haiek urruntzen ibili dira, baina ertzainak haien atzera joan dira etengabe haiek eta ingurukoak probokatuz, ea norbaitek zer edo zer esaten zien". Gauzak horrela, "lasaitasunerako deia egin dietenean, mehatxatzeari, borraz kolpeka aritzeari eta pilota jaurtitzeari ekin diete, hainbat pertsona kolpatuz. Lasterka ere atera dira gazteen atzera, jotzeko edo atxilotzeko asmoz".
Lekukoen arabera, diskotekan izandako liskarra "beste gauza baterako erabili du Ertzaintzak, herriko jaietatik bueltan hortik pasatu behar zirenen aurka oldartzeko, alegia. Muntatu duten operatiboa ez dirudi larrialdi egoera bati erantzuna ematekoa, prestatutako operazio batena baizik".
Bestalde, Itzubaltzeta / Romoko emakumea eguerdi aldera askatu egin dute "irainak" eta "mehatxuak" leporatuta.
Ertzaintzak Itzubaltzeta / Romoko emakume gazte bat eta beste hiru pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean, Deustuko Madariaga kalean. Herrizaingo Sailak Europa Press albiste agentziari emandako bertsio ofizialaren arabera, goizeko 5:15ean Ertzaintza Deustuko diskoteka batean labanez izandako borrokaldi bat ikertzen ari zela auzoko jaietako txosna gunetik zetorren talde "erradikal" bat ertzainak iraintzeari ekin dio, "zipaioak" deituz. "Liskar" baten ostean ertzainek lau pertsona atxilotu dituzte "autoritateari eraso egin eta erresistentziagatik". Bertsio horri jarraikiz, atxilo hartutako guztiak arratsaldean askatu dituzte. Goizaldean gertatutakoaz, baina, oso bestelako bertsioak ezagutu ahal izan ditu UKBERRI.NETek. Horien arabera, Hego Amerikako emakume bat atxilotu eta bere lagun eta senideak xaxatzeari ekin diote hainbat ertzainek. Bertatik pasa diren hainbat gazte ertzainei aipatu pertsonekin jarrera bortitza izatea leporatu eta lasaitasuna eskatu dietenean, poliziak oldartu egin zaizkie, gomazko pilotak, borrak eta debekatuta dauden borra luzagarriak erabiliz.