GaztEHerriaren oharra:
Apirilaren 2an Durangon, GaztEHerriaren lehen harria
GaztEHerriaren aurkezpenean esan genuen Aberri Egunaren testuinguruan Durangon jaialdi erraldoia egingo genuela. Gaur goizean aurkeztu dugu egun horretako egitaraua. Egun guztian zehar izango da zer gozatua Durangoko gune ezberdinetan. Hitzaldiak, tailerrak, bazkaria… Arratsaldeko 17:00etan izango dugu Hitzordu nagusia Landako gunean eta ostean kontzertuak: GOSE, ESNE BELTZA, ASIAN DUB FOUNDATION, SOZIEDAD ALKOHOLIKA, OJOS DE BRUJO eta sorpresa gehiago!
GaztEHerria
Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia!
Lehenik eta behin, mila esker ona etorri zareten guztioi.
Bada astebete Ibaetako campusean GaztEHerria izeneko gazte ezkertiar independentiston bilgunea aurkeztu genuenetik. Bilgune hau besteak beste, Euskal Herriaren independentziaren alde gauden gazteok biltzeko eta batzeko asmoz sortu dela aipatu genuen. Independentzia Euskal Herriarentzat alternatiba bakar gisa ikusten dugun gazteon bilgune izango da. Honekin batera independentziaren aldeko gazte uholdea sortzera goazela ere esan genuen.
Zentzu horretan, Aberri Egunaren testuinguruan, Durangon jaialdi erraldoi bat antolatzeko asmoa ere azaldu genuen eta gaurkoan honen berri ematera gatoz. Durangon apirilaren 2an GaztEHerriaren lehenengo harria jarriko dugu bertan biltzen garen gazteok.
Ekimen honen helburua hain zuzen ere, Euskal Herrian independentziaren alde dagoen gazte uholde hori irudikatzea izango da. Gainera nazioarteko delegazio zabala ere izango dugu gure aldarrikapenekin bat eginez.
Honetarako goizetik gauera, egun osoko egitaraua osatu dugu. Programa hau aurrera ateratzeko gune ezberdinak egongo dira Durangon. Gune nagusiak Herri Gunea, Kafe Antzokia eta Landako erakustazoka izango dira. Egitaraua hau izango da:
• Goizetik kale animazioa
• 12:00etan Harrera Herri Gunean
• 12:30etan Hitzaldiak: Bat nazioarteko delegazioekin. Bestea “gazteok eta independentzia” gaitzat hartuta. Aldi berean tailerrak ere egongo dira; sabel dantza tailerra esaterako
• 14:00etan bazkaria eskolan.
• 16:30etan kalejira Herri Gunetik Landakora
• 17:00etan GAZTEHERRIA
• 18:00etan Kontzertuak Landakon. Ondoren festak Kafe Antzokian jarraituko du
ASIAN DUB FOUNDATION
OJOS DE BRUJO
SOZIEDAD ALKOHOLIKA
ESNE BELTZA
GOSE
Ondorengo egunetan argituko dugun sorpresa handi bat ere izango da kontzertuetan.
Landakon kontzertuak dauden bitartean Herri Gunean ere izango da bestelako eskaintzarik: Txirritxorra (musika bertsioak eta jolasak nahasten dituen taldea) eta Dja.
Sarrerak salgai daude herrietan 20 euroren truk. Bertan 25 euro balioko dute.
Bazkariko txartelak egunean bertan jarriko dira salgai 1.500 lagunentzat. Herri Gunean ogitartekoak jateko aukera ere egongo da.
GaztEHerriaren promozioari begira, bestelako sorpresarik ere bada. Esne Beltza taldeak GaztEHerria ekimenaren kanta egin du Asian Dub Foundation eta Gorka Urbizuren kolaborazioarekin. Esne Beltzak ongien egiten dakien bezala, dantzan jarriko gaitu guztiok kanta honekin. gazteherria.net atarian izango da eskuragarri ondorengo egunetan.
Amaitzeko, euskal gazteriari Aberri Egun bateratura joateko deialdia egiten diogula gogoratu nahi dugu. Apirilaren 4an Irun-Hendaian egingo den Aberri Egunean GaztEHerriak ere izango du bere tokia.
GaztEHerriaren sarrerak salgai daude herrietan
GaztEHerriaren eguna gerturatzen ari da. Gaur aurkeztu da egitaraua eta aste hasieratik salgai daude sarrerak gure herrietako ohiko tokietan. Aurrez 20 euroko balioa izango du. Berandu dabilenak bertan erosteko aukera izango du 25 euroren truke.
Oharra: Bazkaria ez da sartzen sarreraren prezioan. Herri bazkariko txartela egunean bertan egongo da salgai.