Txapelketaren aurkezpen ekitaldian, gaur goizean, Alvaro Gonzalez Getxoko Udalaren Kiroletako zinegotziak nabarmendu du txapelketa maila handiko ekitaldia dela eta Estatu espainiarreko emakumezkoen futbolean erreferente bihurtu dela. “Udaletik era honetako kirol ekitaldiak bereziki babestu nahi ditugu, Getxon urteko kirol egutegi barruko garrantzitsuenetakoa baita, TKE Ligako estropada eta Nazioarteko Txirrindulari Zirkuituarekin batera”. Horregatik guztiagatik, Alvaro Gonzalezek herritar guztiak animatu ditu Emakumezkoen Futbol Txapelketa ikustera joan daitezen, "erakargarriak diren gauza asko" baititu.
Marcosek, bere aldetik, txapelketaren helburu bikoitza azpimarratu du: emakumezkoen futbola suspertzea eta gure herria bertotik kanpo ezagutzera ematea. “Horrez gainera, bere arrakasta bermatu nahi dugu, kirol, antolakuntza eta ikusleen aldetik, Superligan punta puntakoak diren taldeak gonbidatuz”, gehitu du Bizkerrekeko kideak.
Lehiaketari berari dagokionez, Txapelketaren aurreneko fasean, bi multzo ezarri dira. A multzoan F.C. Barcelona, Prainsa Zaragoza eta Rayo Vallecano izango dira, eta B multzoan, Athletic Club, U.D. Levante eta Bizkerre F.T.. Bi multzoetan ostirala 2an jokatuko dira kanporaketak, 10:15etik aurrera, goizean, eta 16:30etik aurrera, arratsaldean, Bolueko zelaian. 25 minutuko bi zati izango dituzte partiduek, ohi bezala.
Hurrengo egunean, larunbata 3an, finalerdiak eta finala jokatuko dira. Finalerdiak Boluen jokatuko dituzte 9:30etik aurrera, 25 minutuko bi zati dituzten partiduetan ere.
Finala Fadurako udal zelaian jokatuko da 12:10etik aurrera, 40 minutuko bi zatiko norgehiagokan.
Antolatzaileek aurreratu dute finalean zehar 6 kamiseta –kamiseta bana taldeko– zozketatuko dituztela sarrera erosi duten ikusleen artean. Talde batzuek gizonezkoen lehen taldeko jokalariek sinatutako elastikoa bidaliko dute eta beste batzuek nesken lehen taldeko jokalariek sinatutakoa emango dute.
Aurreko faseko partiduak zein finalerdiak eta finala ikusteko sarrera 3 eurokoa da, baina Getxo markako kide diren klubetako kirolariak doan sartuko dira.