"Getxoberri"ren imitazioak ez dio graziarik egin Getxoko Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 22a, 21:19

Pasa den ostegunean hainbat ezezagunek "Getxoberri" Getxoko udalerriko astekari instituzionala "faltsutu" zutela salatu eta "akzio legalak jartzea aztertzen" ari dela zabaldu du Gobernu Taldeak. Aipatu "Getxoberri"k Lurralde Zati Planari buruzko albiste bat zekarren azaleko toki nagusian. Bertan, LZPren inguruan eta zehazki, 11.000 etxebizitza berri egiteari buruz, Udalak urrian herri kontsulta egingo duela iragartzen zen. Horrela zioen Udalak argitaratu ez duen "Getxoberri"k: "Imanol Landa alkateak, LZPa aplikatzeko 2007ko saiakerak eragin zuen ondoeza aintzat hartuz, 'herri kontsulta ez burutzea gabezi demokratikoa litzatekeela' aitortu du". Banatutako "Getxoberri" bezalako ekintzak hainbat mugimendu sozialek egin dituzte aurretik, H.G. Wells-en "Munduetako Gerra" antzezlanez Orson Wellesek egin zuen irrati bertsioa ere aurrekari dutela. Ezagunena Euskal Herrian Eguzkik Gasteizen zabaldu zuen Garoñaren balizko ihesaldi erradioaktiboari buruzko alerta izan zen; irratia, esku-orriak eta kale antzerkia erabili zituena. Getxo udalerrian ere, alkatearen bandoak bere kaxara erabili izan ditu mugimendu feministak. Argazkian, iaz Algortako Gazte Asanbladak LZPren aurka egindako ekimen bat.

Baina, Getxoko Udaleko Gobernu Taldeak ez du protesta egiteko originaltasuna aintzat hartu eta Josu Loroño Komunikazioko eta Hirritaren Arretarako zinegotziak gogor kritikatu du aipatu kanpaina. Gainera, "gertaera dela eta, arau-hauste horren egileen kontrako akzio legalak jartzeko aukera aztertzen ari gara”, jakinarazi du Loroñok. Bere ustez, “mota honetako ekintza baldarrek agerian uzten dituztela jarduera horren egileak, hau da, 'Getxoberri' bezalako baliabidea interes politiko zehatz batzuekin eta aipua kendu eta manipulatu nahi baino ez dutenak, egiazko informazioa ematea eta zerbitzu publiko izatea ezaugarri dituen 'Getxoberri'-ri buruzko oso iritzi ona dutenean herritarrek".

Banatutako "Getxoberri"ren azala

getxoberri_euskera1128-bis

Oharra: eskaneatua Getxoko Udalak egin du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun