Atzo, astelehena, hasi ziren Algortako Telletxe kalean, treneko antzinako barreren paretik Bidezabalgo Borobia plazara arteko bidegorria egiteko lanak. Obren aurrekontua 75.000 euro ingurukoa izango da eta zazpi asteko epemuga izango dute horiek amaitzeko, Getxoko Udalak zehaztu duenez. Proiektuaren arabera, oinezkoentzako aldea hobetu eta 470 metro luzerako bidegorria egingo dute, Sarrikobaso kaletik Piñagaraino. Espaloiei bi metroko zabalera emango zaie (egun 1,5 metrokoak dira), erraz ibiltzeko arauak betez. Hirutasuna eta Maria Goiri kaleen artean dagoen bizikleta bidea eskumaldeko aparkalekuan zehar joango da, eta horren eraginez, baterian dagoen aparkalekua lerrokoa bihurtuko da. Ondorioz aparkatzeko 9 leku galduko dira. Bidegorriaren gainontzeko tartea ezkerreko espaloi aldetik egingo da, eta ez da aparkatzeko lekurik kenduko. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Keltse Eiguren zinegotzia bizikletan, Bizkaiko Zubi ondoko bidegorrian.