Getxoko Udalak asteazken honetan, martxoak 24, zabalduko du menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten senideei zuzendutako doako ikastaroetan izena emateko epea. Zaintzaileak, denbora igaro ahala sortzen diren hainbat beharrizanetara egokitzen laguntzea; eta, aldi berean, menpekotasuneko egoeran daudenei arreta hobea eskaintzea dira helburuak, tokiko arduradunek adierazi dutenez. Ikastaroak Gizarte Zerbitzuen Algortako egoitzan izango dira, Urgull kalean, 16:30etik 18:30era. Lehenengoak 16 orduko iraupena izango du, “Menpekotasuna duten pertsonen zainketa” izenburupean, apirilaren 20tik ekainaren 8ra arteko astearteetan. Bigarren kurtsoak, berriz, 12 orduko iraupena izango du, “Norberaren zainketa:zaindu gaitezen besteak zaintzeko” gaia jorratuz, apirilaren 22tik maiatzaren 27ra arteko ostegunetan. Aldi berean, iaz burututako prestakuntza saioetan parte hartu zutenei zuzendutako beste ikastaro bat izango da apirilaren 21etik ekainaren 9ra arteko asteazkenetan. Gaia, “Mendeko pertsonak zaintzeko erronka” izango da. Argazkian, Elena Coria zinegotzia eta Imanol Landa alkatea Gizarte Zerbitzuen Algortako egoitzan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!