Profesional moduan, lehenengo urratsak congak eta tronpeta jotzen eman zituen bere jazz latinoko estiloan, Dizzy Gillespie musikari handiaren alboan. Ondoren, Eddi Palmieri buru zuen El Son taldean jardun zuen eta, handik gutxira, Conjunto Libren jo zuen, Manny Oquendo tinbal-jole famatuaren taldean, hain zuzen ere. Erakutsitako talentu handiak bultzatuta, bere taldea sortu zuen 70 hamarkadaren amaieran: Yo Ya Me Cure eta, jarraian, The Fort Apache Band osatu zuen. Azken horrekin, "Rumba para Monk", "Crossroads" eta "Pensativo" lan ospetsuak grabatu zituen. Azkenengo biak Grammy sarietarako izendatuak izan ziren.
Talde lehiaketa
Ohi denez, jaialdi getxoztarrean Talde Lehiaketa izango da. Europako talde gazteen lana bultzatzea de helburu nagusi ekimen horrek eta 24 urtez jarraian antolatuko da. Aurten 14 herritako 40 talde eman dute izena eta, horien artean, jaialdiaren epaimahaiak honako hauek hautatu ditu: Crickets (Italia), Maratone Quintet (Finalndia), Wierba&Schmidt Qt. (Polonia) eta GDjazz 4tet (Espainia).
Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan, uztailaren 1etik 4ra, parte hartuko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro jardungo da azken egunean. Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko zaie zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Eivissako jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen akordioari esker.