Olatz Barrenetxea Larrondo Larrabasterrako auzokidearen bizitza miatzeari ekin diote "
La Razon" Espainiako egunkari eskuindarrak eta
Libertaddigital.com agerkari digital ultraeskuindarrak. Horretarako, Barrenetxea Arnaldo "Otegiren alabaren psikologoa" izatea jarri dute aitzakiatzat. Izan ere, pasa den igandean albiste agentzia espainolek Arnaldo Otegi Batasuneko eledunak behin-behineko askatasuna eskatzeko argudioak zabaldu zituzten, tartean Otegiren alaba tratamendu psikologikoa jasotzen ari zela. Horrekin jarraituz, Barrenetxea 2007an Eusko Abertzale Ekintzaren zerrendan udal hauteskundeetara aurkeztu zeneko "esklusiba" eman du gaur "La Razon"-ek. Horretaz gain, eta ondoriorik ez zuela izan, orain dela 23 urte behin Poliziak atxilotu zuela zabaldu du egunkariak, Olatz Barrenetxearen jarduera profesionalaz ere kezkatu dena. Azkenik, honek lan egiten duen Bilboko kontsultan "koalizio ETAzalearen beste kide batzuen senideek ere" artatu dituztela dio eskumako kazetak. Argazkian, EAEko 2007ko hauteskundeetako kartel bat / © EAE.