Bestalde, epaitegietara bideratutako eginbideak 641 izan ziren, horietatik 535 herrian gertatutako ekintzek eragindakoak eta 106 beste udalerri batzuetan gertatutakoak, Leioako Udalak esan duenez. Tokiko agintarien ustez, "datu hauek islatzen dutenez salaketak gutxitu egin dira, %9,20 iazko datuekin alderatuta". Salatutako kontzeptuak ere gutxiago izan dira, bizikleten, sakeleko telefono eta argazkilaritza materialaren lapurreta izan ezik. Jabetzaren kontrako delituak ere gutxiago izan dira, 2008an izandako 222 salaketetatik 165 pasatuz iaz. "Baina, gogoratu behar dugu, gertaera hauek ziklikoak izaten direla, ez ohikoak", aipatu dutenez.
Genero indarkeria
Genero indarkeriari dagokionez, "hazkunde nabaria" gertatu da, udal arduradunen hitzetan. Bide horretan, polizia baliabideen parte-hartzea ere "handitu" egin da, adierazi dutenez. 2009an biktimen babeserako 31 agindu jaso izan ziren: Aurreko urteetakoekin batera (72 agindu) eta 2009an itxitakoekin (25) 103 dira, guztira. Kasu horietatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jaiotakoak dira ustezko 51 egile; 10 espainiarrak dira; eta 42 Estatutik kanpokoak. Azpimarratu dutenez, 29 izan zirela babesa behar izan zuten emakumeak. Gizonak, berriz, 2 izan ziren. Momentu honetan erasotuak izateko arriskua duten 6 biktima babesa jasotzen ari dira. "Pertsona hauei 1.454 bider eman zaie babesa, udaltzain pare baten esku, 727 ordu izan dira 2009an", diote udal iturriek.
Alkohola eta drogen kontsumoa
Leioako Udaltzaingoak kontrol zehatza darama adingabekoek debekatuta dituzten substantziekin. Horren aurrean, "pedagogi-bidea erabiltzearen alde" egin du Udalak, euren ustez, "kasu hauetan eraginkorrena izaten delako". Beraz, adingabekoren bat drogak edota alkohola hartzen harrapatzen badute udaltzainek, udal bulegoetara eramaten dute eta gurasoei deitzen diete, euren bila joateko. Ondoren gutun bat bidaltzen zaie gertatutakoa azaltzeko. 2009an 38 neska-mutil identifikatu zituzten. 2008an, berriz, 19 izan ziren. Eta 2007an 30.