Asteburu gazte eta independentista egingo dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 24a, 15:05

Itzubaltzeta / Romo herriak hartuko ditu ostiral iluntzean eta larunbatean goizean independentista gazteak. Izan ere, tokiko GaztEHerria sareak jakinarazi duenez, ostiralean Euskal Herri mailan abian jarri den GaztEHerria ekimenaren aurkezpena egingo dute. Horretarako, "Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia!" lelopean, hainbat ekimen antolatu dituzte. Hasteko, independentziaren aldeko kalejira musikatua irtengo da Santa Eugenia plazatik, 20:30ean. Gero, 21:00etan GaztEHerriaren aurkezpen ekitaldia burutuko dute eta jarraian bertso afaria izango da Itzubaltzeta gaztetxean, Jon Maia eta Gorka Ostolaza "Potxis"en eskutik. Larunbatean, berriz, Jardunaldi Independentista egingo dute gaztetxean bertan, goizeko 10:30etik aurrera. Bitartean, Algortan, astelehenean, martxoak 29, egingo dituzte larunbatean euriagatik bertan behera utzitako gazte olinpiada independentistak. Hitzordua 18:00etan jarri dute Telletxen. Bestalde, apirilaren 2ko ekitaldirako abestia (mp3) eta Berri Txarrak ere izango duen egitaraua aurkeztu ditu GaztEHerriak. Argazkian, atzo Getxoko udaletxearen aurrean Independentistak taldeak egindako elkarretaratzea.

Bertso afarian izena eman nahi duenak azkar jokatu beharko du, gaur iluntzean kenduko baitituzte Branka Herriko Tabernan eta Itzubaltzeta gaztetxean apuntatzeko dauden zerrendak. Afariaren prezioa 7 eurokoa da eta tartean kamiseten zozketak izango dira

Itzubaltzeta / Romoko Jardunaldi independentistako antolatzaileen oharra:

MARTXOAK 27, LARUNBATA, 10:30ean Gaztetxean

Egitaraua:

- Euskal Herriaren zapalketa estrukturala
- Independentziarako bideak (askapen prozesuak munduan)
- "Independentzia zertarako?" hitzaldia

Amaiera ordua: 14:00

Independentzia ahotik kalera eramateko aukera izango dugu eta independentziaren edukien inguruan hausnartzeko aukera paregabea.

Goazen independentziara!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun