Getxoko Udalbatzak ostegun honetako (martxoak 25) ohiko osoko bilkuran erabakiko du Galeako lursailak, gotorlekua eta kanposantuaren artekoak, nahitaez desjabetzeko espedientea abiarazi ala ez. Udalak horren gaineko lehen auzia eta bigarrenaren lehen auzialdia alde izan bazituen ere; azkenik, irailean, Epaitegi Gorenak ebatzi zuen 50.000 metro koadroko lursailak jabego pribatukoak zirela, sententzia irmoa plazaratuz. Desjabetzeko espedienteak aipatu lursailetako orubeengan du eragina. Izan ere, gune libre eta erabilera publikoko sistema orokortzat jotzen ditu Udalak, landa-lurzoruan daudela. “Hauxe da aintzat hartu beharko den egi urbanistikoa lursailen balorazioa egiterako orduan”, adierazi du gaurko prentsaurrekoan Imanol Landa alkateak. Hala ere, desjabetzeko espedientea hasteak ez du esan nahi lursailen jabeekin akordioa lortzea baztertu behar denik, udal agintariaren hitzetan (mp3). Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia Galean emandako prentsaurreko batean / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!