Euskaltzaindiak eta Getxoko Udalak 2008ko abenduan sinatutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da argitalpen berria. Liburua ez da aurretik (duela 6 urte beka batetik sortuta) kaleratutakoaren bigarren edizioa, baizik eta bertsio osatuagoa, herriko toponimia aztertu eta zabaltzeko beste pausu bat eman baita lan horretan. “Hori ez zen amaiera, hasiera baizik. Hortik aurrera lan gehiago egin baita eta horren fruitua da gaur aurkezten ari garen alea”, azaldu zuen joan den asteazkeneko prentsaurrekoan Landak.
Toponimia, historia, etimologia... bertoko aldaera linguistikoaren berezitasunak dituen liburuaren bitartez herriko izenek izan duten historia eta garapena ezagutzea oso garrantzitsutzat jotzen du Imanol Landa alkateak. Joan den asteko agerraldian, oso pozik agertu zen, lan hori herritarren eskuetara helduko delako. “Liburua irakurtzera animatu nahi ditut auzokideak; gure herriko tokiak bilatu eta ikasi, beren historia eta garapena, jakituria zabalduz, azken finean orrien artean agertzen denarekin gozatuz eta Getxo nola aldatu den ikusiz“, gehitu zuen Landak.
Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko kidea eta lan honen egilea Liburuaren Egunean antolatzen den azokan egongo da liburua sinatzen. Berak aipatu du lan honek "Udalak herriko toponimia berreskuratzeko eta gordetzeko duen konpromisoa betetzeaz gain, Nazio Batuen Erakundearen ebazpen batekin ere bat egiten duela". Gorrotxategiren hitzetan, “toponimia gizartearen ondarea da eta zaindu eta jendeari eskaini behar zaio. Hori da Getxoko Udala egiten ari dena.”
“Ondare udabarria” zikloa
Etimologia liburuaren aurkezpena Getxoko Udalak udaberrian, hemendik maiatzera bitartean antolatu duen “Ondare udaberria” zikloaren lehen jarduera izango da, gure herriaren altxor horri lotutako hainbat adierazpen zabaltzeko zikloa. Horrela, hurrengo ekitaldia apirilaren 23an izango da, Gotzon Elortza auzokide getxoztarrak 60ko hamarkadan euskaraz egindako lehenengo dokumentalak berreskuratzeko egindako lanaren aurkezpena antolatu baitute, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Hirugarren hitzordua maiatzaren lehenengo astean izango da: 120 euskaldun zaharri egindako grabaketetan oinarrituta burututako materialaren aurkezpena, alegia. Azkenik, maiatzaren erdialdean, “Getxo akordaten naiz” dokumentalaren bigarren zatia ikusi ahal izango da.