Urte bete bada euskal gehiengo sindikalak, guztiak batean, gizarte politikak eskatzen dabiltzala. "Ekonomia krisia langileok ordainduko genuela jakinarazi genuen, eta horixe da gobernuek egin dutena, banketxe eta aberatsen mesedetan. Maiatzaren 21eko greban ozen esan genuen, gizarte politiken noranzkoa aldatu ezean, gehiengoaren, langileon, eskubide murrizketa etorriko zela. Eta '10 urrats gizarte eredu baterako' dekalogoaren bidez, alternatiba aurkeztu genuen", azaldu du LABeko Iratxe Azkuek. Sindikatuen proposamenek 131.894 lagunen babesa jaso zuten.
Entzun gor eta murrizketekin
Bada, sindikatuek salatu dutenez, euren eskaerei "entzun gor" egin eta "orain murrizketekin" datoz. Pentsioen sistema publikoari dagokionez, "erretiro adina atzeratu, erretiroa kobratzeko baldintzak zorroztu eta Aldi Baterako Ezintasuna murriztu" nahi dutela diote ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk. Bestalde, "lan malgutasuna areagotuz, langileak errazago eta merkeago kaleratuko dira, kontratazio agentzia pribatuak sustatuko dira, lan hitzarmenak Madrilen negoziatuko dira, lan kontratu prekarioak babestu...", ohartarazi du Azkuek. Azkenik, elkarrizketa sozialerako mahaietan, "enpresariak garaile" direla kritikatu dute lan erakundeek, euren ustez, "xantaiak planteatzen dituztelako". Ildo betean, "gobernuek eskubide murrizketak areagotzen dituzte" salatu dutenez.