Inguruko auzokideekin zenbait batzar izan eta gero, Algortako Aldapa auzoan, antzinako Azaldegui okintza-lantegian beilatokia jarri nahi duen enpresaren arduradunei helaraziko dizkie bizilagunen eskariak
Getxoko Udalak. Besteak beste, beilatokia errausketa-labe bihurtu ez dadila, autoak beilatokira Ollarretxe kaletik sartzea, eta instalazioak estetika atsegina eta ingurukoari egokitua eduki dezala eskatuko diete, Imanol Landa alkateak atzo adierazi zuenez. Bestalde, Udal Gobernu Taldeak Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra (HAPO) aldatzea aurreikusten du, Getxon errausketa-labeak ipintzea galarazteko. “Beilatoki jarduera baimenduta dago hiri-planeamenduan, baina gure konpromisoa argia da: lanean ari gara udalbatzara HAPOren aldaketa egiteko proposamena eramateko, hiri-lurzoruan horrelako azpiegiturarik ipintzea galarazteko. Debeku hau udalerriko gainontzeko eremuetara zabaltzeko aukera ere aztertuko dugu”, gaineratu zuen tokiko agintariak. Gaurko udal batzarrerako, mozio bana aurkeztua zuten Getxoko PPk zein PSE-EEk, horiek guztiak eskatuz. Argazkia: cc-by
Wickenden.