Orain arte udal batzar amaierako erregu eta galderetako txandan baino ez du parte hartzerik izan Getxoko ezker abertzaleak; 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako ANVko zerrenda legez kanpo utzi zutenetik. Gaurko osoko bilkuran ere erregistroan aurkeztutako mozioa irakurri bai, baina hori eztabaidatzerik ez dute izan 3.247 getxoztarrek aukeratutako bi hautetsiek, Mari Espe Fuertesek eta Christian Reinickek.
Telletxe plazari buruzko mozioa:
Ofizialki Algortako Geltoki Plaza deiturikoan Udalak uda honetan burutu nahi dituen espazioen berrantolaketa lanak direla eta, kontuan hartuta:
– Kaleaz eta aisialdiaz disfrutatzeko udaroa dela leku publikoetan jende eta haur eta gazte gehien biltzen duen urtaroa,
– Beste plaza garrantzitsua den Txiki eta Otaegikoa eta bere inguru osoa jadanik lanengatik itxita dagoela,
– Uztaila bukaeran ospatzen diren Algortako jaiak herritarrek kalean eta leku egokian ospatu nahi dituztela
– Eta azkenik denonak diren espazio publikoak nolakoak nahi ditugun, denon artean aztertu eta erabakitzea onuragarria dela
Getxoko Ezker Abertzaleko Udal Hautetsiok Udaleko Osoko Bilkurari akordiorako hurrengo proposamena helarazten diogu:
1) Algortako Geltoki Plazan uda honetan erreforma lanik ez egitea
2) Getxoko Udalak Algortako Geltoki Plaza erreformatzeko duen proiektua jendaurrean erakustea
3) Algortako Geltoki Plazaren diseinua erabakitzeko ariketa parte hartzailea burutzea, plazaren oraingo egoeraren, Udalak plazarako duen proiektuaren eta bestelako ideiak eta iradokizunak jaso ondoren hirugarren proiektu baten artean herri kontsulta bidez jendeari erabakitzen utziz.