Egonkorra zirudien diru-iturria bukatutakoan (azken batean, gatazkak denbora asko dirau, zergatik ez lukete suziriek era berean iraungo?), ordea, miserian utzi ditu bortxakeria ezak Sderoteko biztanleak. Hiriko diruzainaren hitzetan, “mirari batek bakarrik” salba dezake diru-kutxa publikoen egoera tamalgarria. Irakurlearen esku uzten dut mirari hori zer izan daitekeenaren interpretazioa.
Bereziki, Zisjordaniako kokagune ilegaletara estrapolatu daitekeen egoera da hau. Gatazka eta zuzenago, Israeleko Gobernuak bere interesei jarraiki emandako diru gabe iraun ahal izango lukete? Zenbat israeldarrek egin behar dute lan, kolono bat mantentzeko?
Urrunago joanda, agian zilegi da Israelgo Estatu osoari ere egoera zabaltzea. Teknologiaren aldeko apostua egin dute, lanesku merkea lortzen dute lurralde okupatuetan… eta azkenaldian turismoa bultzatzen hasi dira, batez ere okupatuta duten Jerusalem ekialdea promozionatuz. Baina, posible litzateke Israel den gerra makinari eustea, gerra gabe, AEBtik jasotzen dituen milioika dolar horiek gabe?
Sderotek erakutsi du: bere kasuan behintzat, bakea ez da errentagarria. Denborarekin, eredu ala salbuespen izango ote da, Israel deritzon lurrez inguraturiko irla bakarti horretan?
Mikel Iturbe Urretxa blogari getxoztarrak Hamahiru.org bere bitakoran atzo argitaratutako artikulua.