Auzia artxibatzeko eskaria atzera botaz, Barrikako EAJko presidentea zen Jon Larrazabal eraikitzailearen eta Alexander Albizu Excavaciones Baranda SA enpresaren arduradunaren kontrako auzipetzea berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Albiste agentziek gaur zabaldu arren, otsailaren 12ko data du autoak eta horren aurka ez dago errekurtsoa aurkezterik. Txipio Bai talde ekologistak duela ia lau urte aurkeztu zuen bi horien kontrako salaketa, "delitu ekologikoa, influentzia-trafikoa eta prebarikazioa" egotzita. Txipio Baik azaldutakoaren arabera, 2002ko bukaeran, "mahastiak landatu ahal izateko", 8.000 metro koadro baino gehiagoko lur eremua "egokitzeko" lizentzia eskatu zion Barrikako Udalari Larrazabalek. "Bi urte geroago eskaera aldatu zuen horrek, 70.000 metro kubiko lur botatzeko bertan. Gainera, lortutako lizentzia Excavaciones Baranda SA enpresari ematea eskatu zuen", aipatu zuen salaketan elkarte naturalistak. Ekologisten arabera, Barrika, Barrikabaso, Artepeta eta hondeaketa lanak egiten zebiltzan beste eremuetatik ateratako hondakinak ziren horiek. Aipatu guneetako obren "kontratista zen Jon Larrazabal", Txipio Baik salatu zuenez. Baita "lur horiek kutsatuta egon zitezkeela" ere.
Getxoko 5. instrukzio epaitegiak azaroan erabaki zuen orain urteak egindako isurketak ikertzen jarraitzea. Argazkian, Bizkaiko Justizia Jauregia.