Euskal Herria laborategi errepresiboa denez, sarri izan gara irtenbidea aurkitzen lehenak. Eta sarri aipatu da gurean alderdien sistemak duen erroetara jotzeko ezintasuna eta gizartearen aldaketekiko moteltasuna. Interes publikoa beti dago bigarren mailan, hala behar du norbere bizi iraupena lehenesten baldin bada. Puntu horretan badago Jesukristoren ustezko bizitzan, Pagolak ondo dioen moduan, sektakeri eta egoismo hori gainditzeko balio interesgarririk.
AB eta Aralarrek uko egin diote Aberri Egun bateratuari. Independentistok, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako norbanakook, deitutako Aberri Egunari. Panikoa diote sortzen ari den irrintziari. Astiro-astiro, amamaren indabak bezala, baina indar osoz, ondorengo puzkerren tankeran. Ezker Abertzale indartsua behar du euskal gizarteak inoiz baino gehiago. Banketxe tirano, enpresari esplotatzaile, krisia deitzen dioten langileen aurrezkien lapurreta, Garoña, gizarte patriarkal monogamiko eta gure kultura desagerrarazi nahi duten estatuen aurrean. Jendea argi izpi bila bizi da gau honetan.
Bi horiek, ostera, norbanakoaren izaeraren afirmaziotik sortutako giza antolakuntzari uko egin, eta alderdia errebindikatzen dute. Erabat hipokrita Alderdien Legearekin eta gizabanako askeen herri askeez mintzo zirenen ahotik. Zenbat kostatzen zaigun botereak emandako ogi papurrak askatzea. Behintzat hori balitz, baina batzuek uste dute europar hauteskundeak ez zirela gertatu, amesgaizto bat izan zirela.
Agian zuen bizi iraupen estrategian irabazle aterako zarete, baina herria galtzaile aterako da.
Fredi Paya bertsolari algortarrak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.