Imanol Uria bertsolari algortarra eta Inaxio Vidal leioaztarra Donibane Lohitzunen abestuko dute gaur iluntzean, Hernandorena sarian. 19:30etik aurrera bertako Kalaka ostatuan jokatuko da
Hernandorena bertsolari gazteentzako sariketaren kanporaketa. Uriak eta Vidalek Txomin Elosegi, Maiana Irigoien, Izar Mendiguren eta Ander Solozabalekin batera kantatuko dute, Maindi Muruaren gidaritzapean. Saioko irabazleak aurrera egingo du eta apirilaren 10ean Muskildin jokatuko den finalean izango da. Besteek eskuratuko dituzten puntuak zenbatu beharko dituzte, Muskildiko sei aulkiren bat eskuratu nahi badute behintzat. Hernandorenan Euskal Herri osoko lurralde ezberdinetako bertsolari gazteak gurutzatu eta kantatzeko plazak eskaini nahi dizkie Bertsularien Lagunak elkarteak. Kanporaketek eta finalak Ipar Euskal Herriko lurralde bana hartzen dute. Argazkian, Itxaso Paya iaz Hernandorena sariko finalean, eman zioten oilarra esku artean duela / © Bertsularien Lagunak.