Kanpomartxoren zain daude Lutxanako kaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 28a, 00:23

Azken zehazkizunen zain, dena dago prest Lutxanan aurtengo Kanpomartxo hartzeko. Erandioko euskal ohituren jai nagusia goizeko 10:30ean abiatuko da, Berbots Erandion Euskaraz! taldearen ekimenez. Baina, eguneko protagonistak beste batzuk izango dira, Lutxana Arraun Taldeko kideak, alegia. Izan ere, klubaren 80. urteurrena dela eta erandioztarren ohiko jaialdi honen 17. edizioa Lutxanan ospatuko da. Hori dela eta, ezinbestean, aurten jaiak uretan emango du denbora mordoa. 10:30ean, piragua eta arraun ikastaroak izango dira. Hiru ordu beranduago, berriz, haurren estropadak eta bertso-estropadak Kaiku, Deustu, Sestao, Lutxana, Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin... eta egun osoan zehar, Lutxana arraun taldeko haima egongo da euskaltzale guztiak hartzeko prest. Tartean, eguraldi ona agindu du antolakuntzak. Argazkian, Lutxana arraun taldeko trainerua / © Lutxana arraun taldea.

Berbots Erandion Euskaraz! taldearen oharra:

Erandioko euskaldunek elkar ezagun zezaten, elkarrekin biltzeko, herria euskaraz girotzeko eta gure hizkuntzaren erabilpen-esparruak zabaltzeko, jaio zen Berbots, Erandion Euskaraz! elkartea.

Beste ekimen batzuen artean, antzina galdutako "Kanpomartxoa" izeneko ohitura berreskuratu zuen 1994an. Beraz, aurtengoa hamazazpigarren edizioa dugu.

Euskara gauza atseginei lotzeko asmoz antzina gure artean galdutako ohitura berreskuratu dugu azken urteotan, non bazkaria, musika eta dibertsioa ez dauden faltan.

Garai batean Inauteri edo Haratuzte aurreko igandean familiak, herriko taldeak... joan ohi ziren mendira edo landa batera eta han elkarrekin sua egin eta bazkaldu egiten zuten. Jatorrizko sasoia errespetatzen ez dugula jakin badakigu ere, egun argi gehiago izateko eta eguraldi lagungarriagoa izateko asmoz (gehienetan horrelaxe izan da) garai honetan egiten dugu guk urtero. Gainera, ospakizun hori oinarritzat hartuz, beste ikuspegi bat eman diogu egunari, bertan euskara ardatza delarik. Herriko hainbat talderen elkarlanaz euskararen inguruko jai-eguna antolatzen dugu eta bakoitzak ahal duenarekin eta dakienarekin parte hartzen du, guztiok egun ederraz gozatzeko aukera izan dezagun. Horrela, eta hau da garrantzizkoena, guztiok gara benetako protagonistak.

Jaiaren helburua bikoitza dugu. Esan bezala euskaraz eta euskara gozatzeko eguna, eta gainera gure herriko zenbait leku hobeto ezagutzeko. Urtez urte jai gunea aldatu dugu: Faoeta, Erandiogoikoa, Magdalena, Martiartu, Santimami, Kukularra, Arriaga, Lutxana. Kasu guztietan arrakasta izan du jai honek eta oso giro ederrean disfrutatu ahal izan dugu beti eguna. Aurten igandean, apirilaren 28an, eta bertoko arraun elkarte entzutetsuaren 80. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin ere Lutxanan elkartuko gara berriro.

Egitaraua:

- 10:30ean, Asua ibaian piraguak eta arraun ikastaroak izango dira, Lutxanako Erreka taldearen eskutik.
- 12:00ean, hasiera ofizialaren aurkezpena Lutxanako Tirante plataformak egingo. Jarraian herriko dantza taldeak: Goialde, Trabudu eta Uztargi.
- 13:30ean, haurren estropadak: tartean Kaiku, Deustu, Sestao, Lutxana... Bertso saioa: Amets Arzalluz eta Sustrai Colina. Ala izeneko ontzi banaren gainean izango dira eta bertatik estropada “erretransmisio” lana burutuko dute. Bitartean umeentzako tailerrak egongo dira: zirko tailerra eta globoflexia; honez gain puzgarriak eta arku jaurtiketa.
- 14:30ean, ohiko herri bazkaria. Bazkal ostean, umeentzako tailerrak (zirkoa eta herri kirolak), baita puzgarriak eta arkua ere.
- 17:00etan, Umeentzako antzerkia (Hipo eta Tomas "Herri kirolak" ikuskizunaz). Betiko kantuak Kepa Arrizabalaga eta Roberto Etxebarriaren laguntzaz, nagusioi nagia kentzeko.
- 18:00etan, Erromeria Luhartz taldearen eskutik.
- Egun osoan, taloa, euskal tonbola, Lutxana arraun taldearen haima... eta batez ere guztion animu ederra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun