Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atzeman zuen atzo arratsaldean Leioan, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, lan egiten zuen tabernan substantzia estupefazienteak saltzen zituelakoan. Arratsaldeko lehen orduetan Pinueta auzoan dagoen taberna baten zainketa lanak hasi zituzten Erandioko ertzain-etxeko agenteek: azken asteotan zehar zenbait auzokidek Ertzaintzari jakinarazi zietenez, drogekin trafikatzen omen zen lokal hartan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Handik gutxira, bi pertsona ikusi zituzten agenteek taberna barrura sartzen eta, zerbitzariarekin transakzio txiki bat egin bezain laster, kalerantz abiatu ziren berriz ere, polizia iturriek diotenez. Segidan, aipatutako bi pertsonengana hurreratu ziren eta identifikatu egin zituzten. Aldean haxixa zeramaten eta ertzainek beranduago egiaztatu zutenez, taberna barruan eskuratu berri zuten. Bitartean, beste gazte bat ikusi zuten taberna barrura sartzen eta lehengo egoera berbera errepikatu omen zen oraingoan ere. Horrek ere lokalean haxixa erosi zuela egiaztatu ei zuten agenteek. Hori guztia kontuan hartuta, zainketa lanetan ari ziren agenteak tabernara sartu ziren eta zerbitzaria identifikatu egin zuten. Argazkian, lagun bat porrua egiten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!