Obra horien bidez, zenbait lotura eta konexio egingo dira trenbideetan. Modu horretara, maiztasunak aldatzeko maniobra guztiak Getxoko geltoki berrian gauzatuko dira etorkizunean. Geltoki horretako trafikoa trenei bideratuta egongo da esklusiboki; horretarako, katigamendu berria jarriko dute, egungo Bidezabal geltokiaren ordez. Lineako bide-zati desberdinetan kokatzen den ekipo-multzoari deitzen zaio katigamendu, argitu dutenez. Horren bidez, elkarren artean bateraezinak diren tren-mugimenduak egitea saihestu eta segurtasuna bermatzen da. Datorren Aste Santuko obra horiek, metroaren egungo ibilbidean geratzen den azken aurreko trenbide-pasagunea kentzea dute helburu, baita Getxo udalerrian zazpigarren geltokia egitea ere. Metro Bilbaoren 1. linea hobetzeko proiektu hori finantzatzeko, 36 milioi euro bideratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa arduratuko da kudeaketaz.
Metro-zerbitzua
Metro Bilbaok ordezko autobus-zerbitzua ezarriko du, bezeroen mugikortasuna bermatze aldera. Ordezko zerbitzu horrek trenen ordutegi berbera mantenduko du bost egun horietan, hau da, apirilaren 1etik 5era. Bidaia jarraitu nahi duten bezeroek, beraz, trena utzi eta autobusa hartu beharko dute Algorta eta Larrabasterrako geltokietan. Autobusak aipatu geltoki horietatik gertu dauden puntuetan geratuko dira:
- Algorta: geltoki ondoan (Telletxe kalea).
- Bidezabal: geltoki ondoan (Larrabasterrako noranzkoan) eta Sarrikobaso kalean, Bidezabal-ekin izkinan (Algortako noranzkoan).
- Berango: geltoki ondoan.
- Larrabasterra: geltoki ondoan (Urgitxieta Zeharbidean).
Aurreko zenbait kasutan gertatu bezala, Aste Santua aukeratu dute Metro Bilbaoren zerbitzuan obrak egiteko. "Horren arrazoi nagusia, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikiena eragitea da; kasu honetan Algorta eta Larrabasterra artean ibili behar duten erabiltzaileei", azaldu dute garraio enpresako iturriek. Bost jaiegun horietan izaten da urteko bidaiari-kopuru txikiena. Zehatzago, zerbitzuaren eskaerak %60 egiten du behera, urteko beste edozein astebururekin alderatuz gero, zehaztu dutenez.
Trenbide-pasagunea kentzea eta oinezkoentzako pasabidea
Era berean, obren exekuzioak aurrera egin ahala, Maidagan kaleko trenbide-pasaguneak funtzionatzeari utziko dio, behin betiko, hala ibilgailuentzat nola oinezkoentzat. Oinezkoentzako pasabide berri bat jartzen ari dira egunotan. Horren bidez, Maidagan kaleko trenbide-lubakia zeharkatu ahal izango da, pasagunearen lurperatze-lanek dirauten artean. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek ere erabili ahalko dute pasabide hori.
Obrak bukatu ostean
Apirilaren 6tik aurrera trenek bide bakarra erabiliko dute Bidezabal eta Getxon egingo den geltoki berriaren artean. Bidezabalgo geltokian aldatu egingo dira trenen gelditze-puntuak. Plentziara bidean doazenak ohiko nasan geldituko dira. Etxebarrira bidean doazenak, berriz, lehenengo nasan zein bigarrenean gelditu ahalko dira. Horregatik, informazio-pantailak ezarriko dira Bidezabalgo geltokiaren hiru sarreretan ikusi irudia, maiztasunaren eta helmugaren arabera, tren bakoitzak duen kokapenaren berri emanez. Bi aste horietan, informazioa emango duten pertsona kopurua gehitu egingo da, goizeko nahiz arratsaldeko puntako orduetan.