Atzo, astelehena, Erandion hil zen txirrindulariaren gorpua identifikatu ahal izateko daturen bat duten pertsonen laguntza eskatu du Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, hildakoa C-6311 errepidetik (itsasadar paretik) bizikletan zihoala, erori egin zen eta handik gutxira zendu zen. Txirrindulariak ez zeraman inolako dokumentaziorik aldean, horregatik ezin izan da oraindik nor den jakin. Hildakoaren nortasuna ezagutzeko zailtasunak ikusita, berari buruzko daturen bat eman dezaketen pertsonen laguntza eskatu dute. Gizonezkoa da, zuria, 55-60 urte inguru ditu eta gorpuzkera normala. Eskuineko eskuko hatz erakusleko azken falangea falta du. Heriotzaren unean, kamiseta, kulot eta mallot luzeak zeramatzan; baita txirrindulari zapatilak eta kolore gorriko buruko kasko bat ere. "Oscar" eta "Mila" izenak idatzita zituzten domina bi zeramatzan. "26-12-64" data zegoen grabatuta aldeetako batean eta Ama Birjinaren irudia bestean. Orbea markako bizikleta batean zihoan, Mitis modelokoa, beltza eta urre koloreko hizkiekin. Hildako gizonaren inguruko daturen bat ematerik duen edonork Erandioko ertzain-etxeko agenteekin harremanetan jar daiteke 946 079 076 telefono zenbakiaren bitartez.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!