Hori delako eta izango delako gure lurraldea, euskaraz bizi den, euskaraz biziko den herria, euskal hiztunok egingo dugun aberria. Baina asimilazioaren bitartez gure hizkuntza eta nazioari uko egitera behartu nahi gaituztelako mendeetan zehar. Horregatik behar dugu izan burujabe, asimilazio prozesuari aurre egiteko.
Zentzu horretan kokatu behar dugu independentziarako bidea ezinbestez. Herri egiten gaituenari, Euskal Herria egiten duen hizkuntzari eman behar diogu lehentasuna herria askatzeko prozesu osoan. Euskarari lehentasuna emanez eraikiko dugu euskal nazioa, lehentasuna maila juridiko-politikoan eta, nola ez, maila sozialean ere. Baina herri bat bagara herri moduan dagozkigun eskubide eta tresna guztiak geureganatu behar ditugu bidea guk egin ahal izateko, honi guztiari bide emango dion hizkuntza-politika burujabea garatu ahal izateko behar dugu burujabetza.
Eta, horretarako, gutako bakoitzak, hiztun bakoitzak ere, asimilazioa gainditu, eta burujabe izanez, euskarari lehentasuna emanez, euskaraz bizitzeko hautua egin behar du, egin eta eragiteko, autodeterminazio osoz.
Beraz, bidea ez da hasten independentziarekin, eta ez da independentzia egunarekin batera amaituko ere. Baina independentziarik gabe, burujabetzarik gabe nekez berregituratuko dugu Herri Euskalduna; eta aldi berean, herri independente horrek argi beharko du izan Herri Euskalduna dela jomuga.
Egun hori heldu bitarte herri euskalduna berreraikitzeko gure esku dauden aukera guztiak baliatu behar ditugu. Ezin dugu atzerapausorik eman, eta euskara nagusi den eremuak babestu behar ditugu, egin nahi dugunaren erakusleiho ere badirelako. Euskara nagusi izango den eremuak sortu eta eraiki behar ditugu, elkarlanean. Herri moduan dagozkigun eskubideak ere aldarrikatu behar ditugu, eta euskaraz bizi ahal izateko behar dugun Ofizialtasuna aldarrikatu eta eskuratu behar dugu. Maila sozialean emango ditugun urratsek eragingo dituztelako aldaketa politiko eta juridikoak, Herri Euskalduna gaurdanik eraiki dezakegulako, independentzia gaurdanik landu dezakegulako.
Horregatik gara independentistak, euskal hiztunok, euskaldunok erabakia eta independentzia behar dugulako dagokigun bide horretan protagonistak izateko. Guk geuk, gutako bakoitzak, komunitatea osatzen dugula ahaztu gabe, euskaraz bizitzeko hautua eginez eraikiko dugulako herria, horretarako erabakia hartuz, bidea egiteaz gain bidean eraginez.
Igandean, Hendaia eta Irun elkartuko dituen martxan hartuko dugu parte. Komunitate bakarra osatzen dugu, eta mugak gaindituz, independentistak garela, herri euskalduna berreraiki nahi dugula aldarrikatuko dugu.
Guztion esku dagoelako.
Zeuek ere, izan burujabe, eta bizi euskaraz!
Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak