Ertzaintzak joan den ostiral (hilak 26) arratsaldean 34 urteko gizon bat atzeman zuen Sopelako gasolindegi batean lapurretan egin zuelakoan eta, atzo arratsaldean, espetxeratu egin zuten epaileak hala aginduta. Egun bat lehenago (hilak 25) izan zen lapurreta. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, aurpegia estalita zeraman gizon batek pistola batekin mehatxatu zuen gasolindegiko langilea eta kutxan zegoen dirua eraman zuen. auto batean alde egin zuen lapurrak. Gertatutakoaren berri izan bezain laster ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak. Egun hartan bertan, arratsaldez, lapurretan ustez erabilitako ibilgailua eta ustezko egilea aurkitu zituzten Getxon baina ezin izan zuten susmagarria berehala atzeman ez baitzuten lapurretaren egilea zela baieztatzen zuen frogarik. Dena den, hurrengo egunean atxilotu ahal izan zuten, auto bat lapurtu nahian antzeman zutelako Sopelan, polizia iturriek diotenez.