Herenegun, C-6311 errepidetik zihoala, bizikletatik erorita hil zen adineko txirrindulariaren identitatea zein den jakitea lortu du Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, zendutako gizonaren lagun batek egindako deiari esker jakin dute horren izena. Berarekin bizikletan ibiltzen omen zen informazioa eman duen pertsonak. Ondoren, hildakoaren seme batek berretsi du lehenengoak adierazitakoa. Bilbon bizi zen 70 urteko gizona da zendu zena. Itsasadarreko errepidean, Bilborako norabidean, Lutxanako saihesbidetik gertu zegoela, ezagutzen ez diren arrazoiengatik,
bizikletatik erori eta handik gutxira zendu zen. Bertaratu ziren osasun zerbitzuko kideek gizonezkoa bere onera ekartzeko ahaleginak egin bazituzten ere, zendu egin zen azkenean. Argazkian, hainbat txirrindulari Bilbotik Areetara itsasadar paretik doan errepidean.