Gure borrokarekin eta azaldu genuen adieraziarekin hartu zuen konpromisoa hain izan zen handia ezen ikasleek osaturiko errektoretzarako kandidatura baten (modu sinboliko baina garrantzitsuan) parte hartzera iritsi baitzen. Irauli deituriko kandidaturako ikasleek beren herriarekiko konpromisoa berresteaz gain, UPVren barrutik unibertsitate herritar, euskaldun eta demokratikoaren alde borrokatzeko, hautaketa-prozesuan parte hartzea erabaki zuten, eta aldi berean beren ikasle egoeratik unibertsitatearen egoerari buruzko ikuspuntu autonomoa eskaini. Irauliren programak UPV euskal gizartearen arazo nagusiekiko hausnarketa, eztabaida eta erabaki gune gisa kokatzea proposatu zuen, betiere gure herriaren nazio-eraikuntzarekin lotuta dauden subiranotasuna, lurraldetasuna eta independentziaren haritik. Horrek guztiak, haien ustez, halabeharrez irakaskuntzaren zein ikerkuntzaren alorreko eredu propioen sorrera eta garapena eskatzen zuen. Eta baita ere unibertsitarioen komunitate osoaren jarrera aldaketa funtsezkoa: ezinbestekoa da unibertsitateak gure herriaren berezitasunak ezagutzea eta horren balio propioak garatu eta defenda ditzan.
Erraz ikus daiteke beraz, kandidatura hartan parte hartu zutenen eta gure Irakasleri Propioaren aldeko borrokaren artean sintonia handia zegoela.
Bere ziegatik, sarri jaurti zituen Jonek gure erreibindikazioen alde elkartasun-espazioak zabaltzeko laguntza-deiak. Esaterako, "SOS, un destello de luz roja" delakoan asaldatuta agertzen zen jasaten genuen errepresioagatik eta askoren axolagabekeria ikusita. "Egin"-en argitaratu zuen gutunean honela azaldu zuen zeukan kezka: "¿Qué tiene la solidaridad que tanto duele?" ondoren, eskari hau luzatuz: "Que se articule e impulse la solidaridad y sea el pueblo quien lleve a cabo una fiscalización activa y participativa de la Universidad, con el fin de que la UPV sea un campo plural, autónomo, con Profesorado Propio y vocación de servicio a la comunidad de la que nace y no al Estado al que sirve". Era bertsuan, sutsuki defenditu zuen funtzionaritzari egindako intsumisioa, irudi hori estatuaren integrazioaren adierazle delako. Jonentzat intsumisioa ez zen soilik ikuspuntu antimilitaristatik aztertu behar, baizik eta optika zabalago batetik: "La insumisión" –zioen– "más que un grupo identificado es una acción, una filosofía, una praxis fecunda".
Beti animatu gintuen hasitako bideari jarraitzeko, eta gure tresnak arinak eta txikiak izan arren ("una pancarta, una ikurriña y seis enseñantes"), agindu zigun ez ginela inoiz bakarrik egongo, ez borrokaren garapenean, ezta helburuetan ere. Ongi dakigu Jon harro sentitu zela eman zigun elkartasunagatik, eta hori haren esperientzia intelektual eta bizitzarako aberasgarria izan zela.
Bihoakio urtemuga honetan, beraz, gure esker ona elkartasunaren benetako balioa erakutsi zigulako.
Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero EHUtik kaleratutako irakasleek atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua