Bada, 3.000 pertsona aipatu planaren aplikazioaren aurka manifestatzeak inork eskatu ez zuela esan nahi badu, argi dago hiritarren eskariak bost axola zaizkiola. Gizon horrek ordezkatzen duen alderdiak, EAJ, auzokideei plangintzaren aurka dagoela ikustarazi nahi die, aldi berean Berangon ezartzen saiatzen ari dela. Getxon LZPren ezarpena atzeratzeko arrazoi bakarra berau garatzeak ekarriko lukeen koste politikoa izan zen. Horrela ez bada, Udala eztabaida hori itxi eta gure lurraldearen hondamendia besterik ekarriko ez duen planaren aurka kokatzera animatzen dugu.
Bigarren albistean “Ibarbengoako geltoki berriak etxebizitzen eraikuntza eragingo" duela esan dugu. Izan ere, Getxoko 7. geltokia biztanlerik gabeko zonalde batean eraikitzearen helburua zein izan daiteke, etxebizitzak eraikitzearen bidez biztanleria handitzea ez bada, tartean horretaz probetxua ateratzen? Udalak edozein zalantza ezabatu nahi badu hori publikoki ezeztatzera eta etorkizunean zonaldea hormigoiz ez duela beteko hitzartzera deitzen diogu. Hori egin ezean, gezurretan eta ezkutuan nor dabilen argi geldituko da.
Bestalde, hiritarron ekimen honi “Getxoberri”ren imitaziora mugatuz erantzun dio Udalak, sakoneko arazoari muzin eginez. Hots, Uribe Kosta Bilboko “hiri-jarraitua” izatera zigortuko lukeen LZPren eta bere ezarpenaren inguruko eztabaida errealari muzin eginez. Ildo horretan, ekintza honetan parte hartu duen pertsonen kopurua esanguratsua da, lurraldea antolatzeko kudeaketak herrian sortutako ezinegona baloratzeko balio duena. Aipatu kudeaketak egungo garapen eredua oinarritzen den logika kapitalista berean ditu sustraiak: gutxi batzuen sukar-amets espekulatiboa; naturaren espoliazioa; eta arrazoiz kanpoko kontsumoa. Horiek dira, gainera, egungo krisialdi ekonomiko, ekologiko eta sozialaren sorburua.
Azkenik, Getxoko auzokideei zuzentzen gatzaie, Uribe Kostako etorkizuna arriskuan jarriko lukeen eta zabalik jarraitzen duen proiektua gelditzeko asmoz antola daitezen. Era berean, gure aurkako edozein lege-ekintza benetan Getxoko biztanleri osoaren aurka izango litzatekeela ohartarazten dugu. Izan ere, getxoztarrek aipatutako planari dioten aurkakotasuna hainbatetan agertu dute. Garapenkeriari stop, LZPri ez!